Astekaria

 Bestelakoak 

Artea kalean

Bulebarreko zuhaitz baten azpian ikusi nuen gizona. Kasualitateak eraman zuen zuhaitz hartara. Bidean jende multzoa egokitu eta berak ere zer egin berezirik ez zuenez, hantxe geratzea erabaki zuen.

Agurtzane Intxaurraga

Agurtzane Intxaurraga


2103. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Agurtzane Intxaurraga
Agurtzane Intxaurraga, antzerkilaria (Dani Blanco)

Edozein hiriko bulebarra zen. Edozein hiri, herri edo auzoko zuhaitz bat ere bai. Nik ikusi nuen gizona, ordea, bakarra iruditu zitzaidan. Gizon hark puru handi bat zuen zintzilika ezpainetan, kea zeriola etengabe, baina une horretan hori zen gutxien inporta zitzaiona berari. Zuhatzari lotuta, zapi gorritik zintzilika, hegan, zegoen neska hark lapurtua zion arreta osoa. Gizon haren sei zentzuak neska haren lanak eragiten zuen une magikoak erakarriak zituen. Ni ere hantxe nintzen, gizona ez bezala, neska hura ikusteko asmoz hurbildua bertara. Ikuskizuna hasita zegoen gizon hura hantxe zegoela konturatu nintzenerako. Orduan nora begiratu ez nekiela jarri nintzen. Neskaren eta gizonaren begiek bat egin zuten behin baino gehiagotan. Gizona urduri antzeman nuen. Eta pentsatu nuen: lehen aldia ote du halako bat ikusten duena? Ziurrenik bai... Aurreiritziak martxan jarrita esango nuke gizon hura era hartako ikuskizun zale baino futbol zale amorratua zela. Galtzako trabillan zintzilika zuen errealeko giltza zorroak eragindako iritzia zen nirea. Amaitu bitartean hantxe jarraitu zuen, irri inozoz, noizbehinka era automatikoan, puruari eraginez.

Egun hartan gizon hark kristalezko neska harekin amets egingo zuela iruditu zitzaidan.

Kalean jarraituz, geroxeago, Igor Mitorajen Artea kalean eskultura sorta zoragarriak zeuden bidetik etxeratzea erabaki nuelako, egin nuen topo emakume talde harekin. Txundituta zeuden, txoratzen gorpu eder haiek ikusten. Lotsak gorrituta ere bai. Eseri eta luzez, beraiei begira irribarre egin nuen neuk ere. Gau hartan emakume haiek guztiek, ohe barruko beroak jota, kaleak bat-batean emandako opari zoragarriarekin loak hartuko zuten gozo.

Eta kalean beste mila gauza ere ikusten ditut egunero: zaratak, haserrealdiak, presak, gogo-txarrak, bozina soinuak, eskaleak, gizabanako bakartiak. Zoritxarrez horiek ikusten ditut batez ere eta neu ere beraietako bat bihurtzen naiz.

Goian aipatutakoak ikusi nahiko nituzke ordea, beste hauek baino gehiago. Zoriontsuagoak ziruditen.

Artea kalean. Zenbat hobeto biziko ginen gure eguneroko zereginak horrelako ezustekoz zipriztinduko balira.

Artea sozializatzearen aldeko apustuak sortzen dizkit gisa honetako pentsamenduak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia