Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Osasuna

Uda partean ondo elikatu zure seme-alabak

Pasa berri den udan gehienok nahi baino gutxiago agertu den arren, eguzkiak –eta tenperatura altuek– gogor erasaten digute guztioi. Eraginik handiena haurrengan nabaritzen da ordea, deshidratazioa eta “bero-kolpea” esaten zaiona jasateraino. Ondorio kaltegarriei aurre hartzeko aski da fruta eta berdura ausarki sartzea gure dietan eta ordurik beroenetan eguzki-izpietatik babestea.

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2102. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Haurrentzat onena talde nutritibo guztietako elikagaiak biltzen dituen dieta da, aldi berean arina eta freskagarria gertatuko zaiena. Gorputzak ez ditu neguan adina kaloria behar tenperaturari eusteko, eta horrexegatik eduki kaloriko baxuagoko osagaiak hautatu daitezke: frutak eta barazkiak batez ere. Egitekoa osagai horiek modu erakargarrian aurkeztea da, ume-jendeak gustura jan ditzan.

Gazpatxoak eta barazki-krema hotzek –tomatearenak, esaterako– karbohidratoak, bitaminak, mineralak eta likidoak ematen dizkigute. Entsaladak –arroz, pasta eta lekaleekin eginak– plater konpletoago bihurtuko dituzu arrautza edo oilaskoa bezalako proteinak eransten badizkiezu. Paellak ere oso gomendagarriak dira plater bakar bezala arrozari –energia-iturri diren karbohidratoei– arraina, haragia, eta berdurak erantsi dakizkiokeelako.

Egunik beroenetan gorputzak bizpahiru litro likido gal ditzake. Deshidratazioa saihesteko edan egin behar da: ura, zukuak, esnea eta irabiatuak. Berdura eta frutatan aberatsa den elikadurak ere laguntzen du horretan. Freskagarriak –kaloria hutsak– eta azukredun zukuak –energetikoegiak– ez dira onak.

Ordutegi jakina ezartzea ere oso garrantzitsua da. Umeek lau otordu egin behar lituzkete egunean jakineko tenoretan. Gosari egokia ezinbestekoa da –esnekia, zerealak edo ogi xigortua, fruta edo zuku bat–. Merienda ez da ahaztu behar, eta opil industrialak edo litxarreriak baino hobe dute ogitartekoa eta zukua. Izozkiren bat ere ez da txarra tartean-tartean, ume gehienek ikaragarri maite dituzte eta kaltzio iturri garrantzitsua dira.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia