Astekaria

 Bestelakoak 

Estella-Madrid ituna

Lizarra-Garazi itun zalapartatsua ez zen ezkutuan igaro, eta nahikoa zeresan eman zuen politikaren arlo praktikoan zein nazionalismoari buruzko arlo teorikoan, esklusioari dagokionez, batez ere. Eztabaida interesgarriak sortu ziren, euskal nazionalismoaren barruan ere, halako nazio itunen egokitasunaz, eta abar. Gaur egun indarrean dagoen Estella-Madrid itunak, berriz, ez du halako eztabaida interesgarririk pizten, ezkutuan aritu ez arren, eta benetan bitxia, nazio ituna izaki, ez da esklusioaz hitz egiten, eta bai, aitzitik, inklusioaz. Era horretara, Lizarra-Garazi itunak Nafarroaren erabakitze eskubidea aldarrikatzea eskluientetzat jo zen; eta berriki, Hego Euskal Herrirako autonomia proiektuaz hitz egitean, Nafarroa jokoan ez zegoela haizatu zuten batzuek. Estella-Madrid itunak, aldiz, bete-betean sartu du Nafarroaren geroa joko politikoan, eta horrek guztiak –Nafarroako Gobernuko presidentziarako prozesuak, alegia– kritika, iruzkin eta eztabaida handiak sortu baditu ere, arlo politikoari egokitu zaizkio, gehienbat. Ez da egon sakoneko eztabaidarik azpian ageri zen nazio arazoaren inguruan.

Julen Zabalo

Julen Zabalo


2102. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Julen Zabalo, EHUko irakaslea
Julen Zabalo (Iñigo Azkona)

Izan ere, espainiar nazionalismoaren konnotaziorik gabe, ezin da ulertu Nafarroan gertatu dena; pentsa ezina egingo litzaiguke gauza bera beste autonomia erkidego batean gertatzea, EAEn salbu. Interes politikoa nazio interesarekin batera joatea –eta ez interes politikoa nazionalaren pean, euskal nazionalismoak batzuetan nahi duen bezala– da nazio itunaren ezaugarria, eta itunaren aldeko indarrek ondo jakin dute zer egin behar zen, bai alderdiek zein komunikabideek.

Hala ere, eztabaida handirik piztu ez den arren, Lizarra-Garazikoak bezala, Estella-Madrid itun honek arazo eta auzi berberak planteatzen ditu –gehi beste batzuk–, oraindik ebatzi gabe geratzen direnak. Horietako bat nazio frontearen ideiari dagokio, eta berari loturik joaten den gizarte zatiketaren arriskua. Arrisku larria, gizarte baten geroa luzaro marka dezakeena eta alde baten garaipenaz konpontzen ez dena. Nazio gatazka eta nazionalismo indartsuak egonik, bestalde, saihets ezina da nazio konfrontazioa, Nafarroan batzuetan ikusi nahi ez den arren. Beraz, nazio konfrontazio politikoari uko egin behar izan gabe, mesedegarria izango litzateke Euskal Herriak duen gatazka politikoari aurre egiteko, herritar guztien iritzia jasoko lukeen itun bat proposatzea, momentuan behintzat nazio gatazkaz gain egongo litzatekeena.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia