Astekaria

 Diskoak 

Iluntasunetik argitasunera hamaika bide eta estilo

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2102. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Keike
Keike

KEIKE:: BELDURRA, MINA, ARGIA

OIHUKA

iraupena ::35´21´´

prezioa ::14.45€

Ondarroako taldeak ibilbide sendoa egin du Euskadi Gazteako lehiaketan entzuleen saria jaso zuenetik. Bi disko kaleratu ditu eta azken honetan ideiak argi dituztela erakutsi dute. Dut-en tankerako post-hardcore erritmo eta giroak oso presente dauden arren, euren kantuetan punk-rocka, stonerra, hard-rocka, metala edo Smashing Pumpkinsen itzala ere antzeman daitezke. Are gehiago, taldea indartuta dator, diskoa grabatu aurretik Jauko Barik taldean aritutako Itsaso batu zitzaielako. Hitzei dagokionez, gogorrak dira oso, pertsonen muturreko egoerak deskribatzen dituztelako, baina abestien bukaeran, diskoaren izenburuak adierazten duen bezala, argiari bide ematen diote. Bestalde, Nerea abeslariaren ahotsak protagonismo handia hartzen du, kantuak goxotu zein garrazteko erabateko gaitasuna daukalako.

"Disko honetan ahots eta instrumentuen artean oreka handiagoa dago"

Hain gaizki ikusten duzue gizateria? Hain urrun gaude argitik, itxaropenetik?

Nereak egin ditu hitz gehienak. Egoera gogorrak kontatzen ditugu, baina bukaeran positibotasuna eta argitasuna ageri dira. Disko hau positiboagoa da, eta iluntasunaren atzean argitasuna erakusten du.

Zer eman dio Jauko Barikeko Itsasok taldeari?

Itsaso sartu zen diskoko abesti erdiak eginak zeudenean. Asko inplikatu da konposatzen, ardurak hartzen… eta fundamentua ekarri du taldera zuzenekoak prestatzeko, merchandisinga hobeto lantzeko…

Aurreko lana Elkarren estudioan grabatu zenuten. Hau, berriz, Ondarroan, Santos anaiekin. Emaitzarekin gustura?

Disko honekin gusturago geratu gara, taldearen nortasuna hobeto islatzen duelako. Elkarren baliabide tekniko gehiago genituen, baina gure ezagutza txikiagoa zen. Santos anaiekin, berriz, baliabide tekniko gutxiago izan arren, askoz erosoago egon gara, eta Mikel Santosek hobeto interpretatu gaitu.

Diskoan estilo mota asko batu dituzue. Denetatik entzuten duzue edo gustu oso desberdinak dituzue?

Berez disko hau rockeroagoa da. Taldekideok gustu nahiko antzekoak ditugu, baina zabalak. Lokalera riffen batzuk ekarri, bertan landu, eta Nereak ahotsak eta hitzak asmatzen ditu.

Nereak lan handia egin du ahotsarekin riff eta erritmo gogorrak goxotzen eta beste batzuetan emaitza garrazten…

Disko honetan ahots eta instrumentuen artean oreka handiagoa dago. Ahots gutxiago sartu dugu, hobeto pentsatu baitugu noiz eta zelan sartu.

Keikeren leloa da “gauzak gaur egitea”?

Leloetako bat da momentua bizitzea eta musikak eskaintzen dizkigun uneak aprobetxatzea. Lokalean eta zuzenekoetan ahalik gusturen egotea.

Zeintzuk dira “errudun jaioak”?

Etorkinak. Gurea ez den leku batean jaiotakoek sufritu beharra dute. Zori kontu bategatik, hemen jaio edo beste leku batean, zelan aldatzen diren gauzak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza