2007-09-16 -- 2102.zenb
Sarri esan ohi da, krisi egoerek sormena iratzartzen dutela. Berdintsu gertatzen da muturreko egoeretan edo ustekabeko aldaketak jasatean ere. Egoera berria ulertu edo begiratzeko sormena izaten da ihesbide egokiena. Txina iratzartzen ari den erraldoia omen da, etengabeko aldaketak jasaten ari den eta kontraste izugarriak bizi dituen gizartea; eraldaketa horiek guztiek beren isla dute gizarteko eta kulturako esparru guztietan eta, nola ez, baita artean ere. Azalberritzen ari den lurralde horretako ikuspegi garaikideak, argazki formatuan, ikusgai daude azken hilabeteotan Gasteizko Artiumen, Zhù Yí! (Erne!) Txinako argazkigintza garaikidea izenburupean.
Harrigarria badirudi ere Gorbeiako Parke Naturalean bildutako zaborren irudiekin osatu du Zabormila erakusketa Axi Olano (Beasain, 1966) kazetari eta argazkilariak. Gasteizko Alde Zaharreko Hala Bedi eta Gora tabernetan izan du erakusgai uztailean eta Donostiako Kafe Antzokiko hormetan izango da irail osoan. Ostikoz jotako mapamundia dirudien baloia du argazki izar. Pentsa, Greenpeace-k irudi eskubideak eskuratzeko eskaera ere egin dio.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1