2007-09-09 -- 2101.zenb
Jakina da punkak (batez ere) eta hardcoreak garrantzi handia izan dutela Euskal Herrian eta Espainian Francoren heriotzaren ostean. Batez ere, gazteriaren zati garrantzitsu baten espresiobide izan zirelako eta bide batez kulturan, politikan eta gizarte arloan eragin zuzena izan zutelako. Urte haietako giro bizia ahazturan erori ez dadin kaleratu berri dute No acepto!!! 1980-1990: Diez años de hardcore, punk, ira y caos DVDa.
Gaur egungo gazte askotxok sasoi hartako estetika eta musika “kontsumitzen” jarraitzen dute, eta berau biziberritzen saiatzen dira, baina garaiak ez dira berdinak, testuingurua zeharo aldatu da eta gainera sistemak, modak edo dena delakoak mugimendu apurtzaile, iraultzaile, kritiko eta deskonforme hura produktu bihurtu du; bere esentzia, izaera ematen ziona, desagerraraziz.
Euskal Herrian oihartzun oso handia izan zuten Ingalaterratik zetozen taldeek. Sex Pistols-ek, The Clash-ek, Damned-ek eta beste askok piztutako garra berehala zabaldu zen inguruotan. 80ko hamarkada hasierako langabezia handiak, Francoren oinordekoen zapalkuntza ideologikoak, poliziaren errepresioak, ezker abertzaleak gazteen artean erakargarritasuna lortzeko gaitasun urriak eta beste arrazoi askok ezertan sinesten ez zuten gazte nazkatuak elkartu zituen.
Kaleko hizkera erabiltzeko ordua zen; amorrua eragiten zizuna ozen kanporatzeko; eta ez zen derrigorrez musika instrumenturik jotzen jakin behar. Hala, Arrasaten, Errenterian, Santurtzin, Bilbon, Gasteizen… punk taldeak sortzen hasi ziren. Eta horien atzetik gehiago etorri ziren.
Momentuak eskaintzen zien aukerak eta borondatearekin lor zitezkeen emaitzak ikusita, gazteak antolatzen hasi ziren: fantzineak, kontzertuak, gaztetxeak, irrati libreak sortu ziren. Hain zuzen ere, sasoi hartako eztandari eta orduan egindako lanari zor dizkiogu gaur egun Euskal Herrian dagoen gaztetxe sarea eta ezerezetik gauzak sortu eta antolatzeko eskarmentuaren zati garrantzitsu bat. Mugimendua ez zen musikaren alorrera mugatu gainera: ekologismoa, antikapitalismoa, intsumisioa… pentsakera berriak zabaltzen joan ziren.
Gerora, punkak hartu zuen indarra ikusita, ezker abertzalea mugimendu horren indarraz jabetu zenean, Martxa eta Borroka leloa zuten kontzertuak antolatzen hasi zen; eta orduko kazetari batzuek punk taldeen saltsa-maltsa Rock Radical Vasco (Euskal Rock Erradikala) gisa bataiatu zuten.
Euskal Herriko esperientziak eragin handia izan zuen Espainiako Estatu osoan, eta beste herrialde horietako taldeek hona begiratu zuten, hemengo taldeen gordintasunean eta kalitatean erreparatuta; eta antolakuntza sistema eredugarria izan zelako.
Lehenengo punk taldeen lanak argia ikusi ahal izateko zeresan handia izan zuen Donostiako Basati Diskak ekimenak. RIP, Bap!!, MCD eta beste talde erreferentzial batzuen estreinako lanak kaleratzearen ardura izan zuten, ezinbestekoak bihurtu diren diskoak. Basatiren atzean, beste bi lagunekin batera Jabi Saies zegoen, Euskal Herriko lehen fantzineak egin zituen ipurterre bera: Destruye da horietan ezagunena.
Saies bera izan zen hemengo taldeak Euskal Herritik kanpo ezagutzera eman zituena baita kanpoan gertatzen zenaren berri hona ekarri zuena ere. Berari esker sortu zen Kataluniako eta Euskal Herriko punk eta hardcore taldeen arteko lotura. Eta berari zor diogu, era berean, 80ko hamarkada erdialdetik 90eko hasierara Andoaingo gaztetxera eta Euskal Herriko beste puntu batzuetara atzerriko punta-puntako hardcore talde ugari etorri izana.
Luxuzko emanaldi horiek guztiek hazia erein zuten, eta poliki-poliki abiadura handiagoko hardcore taldeak sortu ziren gurean: Tortura Sistematika, Eskoria-Tza, Eizen, Ruido de Rabia, Karkaxa, Ximorra… Horien ostean, 80ko hamarkada bukaeran sortuko zuten Donostiako auzunean, Buenawixta etxe okupatuaren esperientzia, hardcore, punk-rock eta bestelako estiloetan ziharduten taldeen eskola izan zena (Escombro, Censura, La Perrera, Barrakos…); edota Laudioko squat-a, zeina metal eta hardcorearen alorrean ere ezinbesteko erreferentzia izan zen (Arbol, CLGSE eta Finisterrae bezalako taldeekin).
1990era arteko kontakizuna bildu dute DVDan. Izan ere bizipen eta esperientzia horiek oso leku gutxitan jasota daude, eta underground-ean gelditzeko zorian daude. Badira Hertzainak, Eskorbuto eta beste talderen baten gaineko liburuak, baita Elena Lopez Agirreren Del txistu a la telecaster saiakera ere, edota RIP taldearen gaineko 25 urteko historia bizia dokumentala biltzen duen DVDa, baina oraindik asko dago kontatzeko eta jasotzeko, galdu aurretik.
Donostiako Alberto Bocos eta Zaragozako Jose Antonio Alfonso oso gaztetatik ibili dira punkean murgilduta. 2000. urtearen bueltan Zona de Obras aldizkariaren eta SGAEren (Espainiako Estatuko Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusia) laguntzarekin Hasta el final izeneko liburua egin zuten. Espainiako Estatuko punk mugimendua lau eremu geografikoan banatu zuten: Euskal Herria, Katalunia, Madril eta Zaragoza. Liburua gazi-gozoa izan zen, gauza guztiak ez zirelako egileek espero zuten bezala irten, talde dezente kanpoan gelditu zirelako eta batez ere, askoren ustez SGAE punkaren etsai porrokatua izan delako. Hala ere, ahalegina mardula, txukuna eta interesgarria da, eta oraindik ez du beste inork halakorik egin. Gainera liburua berehala agortu zen.
Joan den urtean, berriz, Espainiako Estatuko punkaren historia batuko zuen ikus-entzunezkoa egitea erabaki zuten: No acepto!!! 1980-1990: Diez años de hardcore, punk, ira y caos. Liburuan egin zuten bezala, kontakizuna lau atal nagusitan banatzea erabaki zuten, Estatuan izan ziren gune garrantzitsuenetan, hain zuzen ere.
Horretarako, sasoi hartako dozenaka protagonistekin batu dira eta haien testigantzak jaso dituzte. Horrekin batera, talde horien guztien zuzeneko irudiak gehitu dituzte. Emaitzak lau ordu eta erdi irauten du, bi DVDtan banatuta: punkaren gaineko sarrera bat, eremu geografiko bakoitzeko kapitulu bana, ondorioak eta argazki, horma-irudi, sarrera eta bestelakoen galeria erraldoia.
Euskal Herriko kapitulua da luzeena eta mamitsuena. Hemengo protagonistez gain, beste herrialdeetako musikariek ere Euskal Herria goraipatzen dute. RIP taldea da ardatz nagusia, baina Cicatriz, Eskorbuto, Kortatu, Vulpess eta Bap!! taldeen gainean ere zabal eta ondo hitz egiten dute elkarrizketatuek. Andoaingo gaztetxea eta gerora punkari lekukoa hartu zion hardcore mugimendua ere gogoz nabarmendu dute DVDan agertzen direnek.
Euskal Herriaren gainean, beste askoren artean, protagonista hauek ari dira: RIP taldeko Jul eta Txerra, Jabi Saies, Fermin Muguruza (Kortatu), Loles (Vulpess), Klaus (Vomito), Drake (Bap!!), Xabi (Basura), Evaristo (La Polla Records), Miguelon (Anti Regimen), Arturo eta Gonzalo (La Perrera), Karlos eta Alberto (Karkaxa), Txirolo (Odio), Shanti, Lamberto, Santi eta Joxi (Tortura Sistematika eta Ruido de Rabia), Ritxi (Oihuka), Bolitxe (Subterranean Kids), Fernando (L´lodi Social), Silvia (Ultimo Resorte) eta Manolo (UVI).
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa