Astekaria

 Luparekin 

Langileen suizidioak

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2101. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Juan Mari Arregi
Juan Mari Arregi, analista ekonomikoa (Dani Blanco)

Suizidioa zuhurtziaz jorratzeko gai larri eta konplexua da. Aitzitik, aditu askoren txosten eta ikerketen arabera, lantokia sarritan etsipen eta depresio gune bihurtzen da. Hortaz, ematen du nolabait lotuta daudela batetik lan-baldintzak, laneko estresa, lehiakortasuna, kate-lana, soldata baxuak, ugazaben eta enplegatuen arteko harremanak, eta bestetik egoera pertsonal larriak edo suizidioa ondorio izan lezaketen etsipena eta porrota.

Frantzian egindako egonaldi labur batean Mulhouse-ko (Haut-Rhin) PSA (Citroën) enpresako langile baten suizidioaren berri izan dut. Automobilgintza enpresa-talde berean otsailetik hona bere buruaz beste egin duen seigarren langilea da. Horri lau hiletan Renault enpresako beste hiru langileren suizidioak gehitu behar zaizkio, baita EDF elektrizitate-enpresan azken hiru urteetan izandako beste sei. Suizidio bidezko heriotza gehiegi dira batik bat kate-lanean jarduten duten automobilgintza enpresak izanik. Horren ondorioz, Frantziako Estatuan eztabaida piztu da. Hurrengo udazkenean laneko estresari buruzko Konferentzia Sozial bat antolatuko da. Gobernuak, patronalak eta sindikatuek parte hartuko dute. Eztabaidak ez du bazterreratzen suizidioa laneko istripu gisa, izan ere, lan-baldintzak erabakigarriak izan baitaitezke kasu askotan.

Euskal Herrian ere arazo larria dugu laneko heriotzekin, gure kasuak laneko istripuak badira ere. Urteak 76 langile bildu ditu dagoeneko hildakoen zerrendara. 80ko hamarkadan, birmoldaketa garaian, suizidioa presente egon zen euskal langileen artean. Sistema kapitalistak irizpide goren argia du: ahalik eta etekin handiena lortzea ahalik eta koste ekonomiko txikienaren truk. Prekarietatea, malgutasuna, errentagarritasuna eta lehiakortasuna bere egituraren parte dira. Hortaz, orain janzki neoliberala badu ere, kapitalismoa hotza da, basatia, gupidagabea eta ankerra. Ezbairik gabe, errudun bakarra ez bada ere, erantzukizunen bat izango du bai langileen suizidioetan, bai lan-istripuetan.

Sarkozy eta greba eskubidea

Frantziako Estatuan udan piztu den beste eztabaida, Ipar Euskal Herrian ere badena, greba bitarteko garraio publikoen gutxieneko zerbitzuen legearena da. Lege horrek, gerora, eskola eta institutuetako irakasleei eta hezitzaileei eragin liezaieke. Lege berriaren arabera, garraio publikoek greba kasuan hiru orduz aritu beharko dute goizean eta beste hiruz arratsaldean. Garraioetako langile bakoitzak bi eguneko aurretiaz adierazi beharko du greba egiteko asmoa. Etenaldiak astetik gora jotzen badu, etenaldien jarraitasuna boto sekretu bidez berretsi beharko da.

“Gauez eta azpikeriaz” onartutako lege berri honekin, Frantziako presidenteak, Nicolas Sarkozyk, hauteskunde garaian emandako hitza bete du: “botere publikoen ezintasuna eten beharra dago… garraio publikoak hiru orduz arituko dira lanera joateko eta beste hiru orduz etxera itzultzeko, frantziarrak ezin izan bailitezke grebetako bahituak”. Ahoberokeria horren erantzun soziala, aldiz, Frantziako Estatuan “udazken beroa” izan liteke, arau berriak grebarako eskubide konstituzionala urratu bailezake.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Nora | 2009-11-01 16:47:58

    +++

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia