Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-09-02 -- 2100.zenb

Pospolo umelak

Juan Kruz Lakasta

argazkia

Mikel Saiz

Fiskaltzak bi eta lau urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu ditu Iruñerria piztera goaz! kanpainan parte hartu zuten hamalau gazterentzat. Zigor eskaera ikusita, pentsa liteke kanpaina piromano talde batek antolatu zuela eta Iruñerria osoari su eman ziotela. Foru hiriburuko zahar-etxeak, haurtzaindegiak, erietxeak erre zituztela, zaharrak, haurrak, eriak barruan zirela.

Kanpaina, jakina, ez zen halakoa. Aitzitik, kontzientziak besterik ez zituzten piztu nahi. Autogestioa, gaztetxeak, lokalak aldarrikatu nahi zituzten, betiere desobedientzia zibil, publiko eta ez bortitzaren bitartez. Aurtengo maiatzean, udal hauteskunde kanpaina egiten zuten bitartean, gazteotako batzuk garabi batera kateatu ziren San Agustin karrikan, Euskal Jai Gaztetxea zegoen orubean, Udalak eraiki nahi duen zentro hidrotermaleko lanetan. Beste bik Labrit aldapan trafikoa moztu zuten, besoak elkarri kateatuz, hormigoiz beteriko bidoi baten barruan.

Poliziak kateatu ziren gazteak ez ezik, sostengu keinu moduan haien alboan modu baketsuan eseri zirenak ere atxilotu zituen. Eta fiskaltzak antza guztiak espetxeratu nahi ditu. Oraingoz, haietako hamalaurentzat bi eta lau urte bitarteko espetxe zigorra eskatu du. Eta atxiloturiko beste 53 gazte oraindik zigor eskaeraren zain dira.

Egoeraren larritasuna gardenkiago, gordinkiago azaltze aldera adibide zehatz bat: M.-k, 28 urteko erizain iruindarrak bi urte eta erdi igaro ditzake espetxean besterik gabe udaltzainen aitzinean modu baketsuan esertzeagatik.

Fiskalak zigor eskaera egin du, baina ez dago fiskalarentzako zigor eskaera eginen duenik. Pena da. Izan ere, bistan da zigor eskaera bidegabea egin duela, irizpide juridikoen gainetik politikoak lehenetsiz, zigor eredugarria bilatzeko xedearekin.
Funtzionario, epaile, fiskal batek haren lana jakinaren gainean gaizki egitea prebarikazioa da. Eta gainera kasu honetan bada larrigarririk: abuztukotasuna. Izan ere, lege-hausteak gauez egitea, gauekotasuna, larrigarria bada, halako eskaera bat abuztuaren erdian plazaratzea, ahalik eta oihartzunik txikiena izan dezan, zalantzarik gabe larrigarri behar da izan.

M. poliziaren aitzinean esertzeagatik bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jasotzear izateak agerian uzten du justizia sistema usteldurik dagoela, errotik gainera. Baina nago ez dela hori M. eta haren kideak dauden kinka larrira eraman dituen faktore bakarra.

Desobedientzia zibil, publiko eta ez bortitza egiten dutenek badakite agintarien jarduera, legeak, justizia sistema ustelak direla. Haien protesten bitartez hain zuzen ere horixe utzi nahi dute agerian. Eta haien kalkuluetan sartzen da zigorraren neurrigabekeriak herritarren kontzientziak piztuko dituela. Zigorra, justizia sistema, agintarien jarduera aldatzeko eskaera piztuko duela.

Nago egun ez dela hala gertatzen. Fiskalak zigorra abuztuan eman du ezagutzera. Baina urrian edo martxoan egin izan balu ez dut uste deus aldatuko zenik. Nekez pizten da ezer gure bazter hauetan. Are gutxiago kontzientziak. Eta gizarteaz oro har ari naiz, baina baita –eta bereziki– irakurle txit desobedientziazalea zaren horretaz eta biotaz. Gutaz.

Hotz gabiltza. Asko jota, epel. Betiere, pizteke. Agian, piztuezin. Ongi dakite hori Iruñerria piztu nahi zuten gazteek. Edo Julio Villanueva solidarioak. Milaka euskal herritar ederki berotu ginen Juliok eta bere kideek Itoizko urtegiko eraikuntza lanetako kableak moztu zituztelarik. Hamaika urte sasian igaro eta gero Julio espetxeratu dutelarik, 200 besterik ez dira elkartu Iruñeko San Roque kaleko espetxe zaharraren aitzinean. Pospolo umel bilakatu gara. Euskal gizarte mugimendu sare gartsua pospolo umel kutxa bilakatzen ari da. Gure kutxaren umeltasun epelean ahalik eta lasterren aztertu beharko genuke zergatik, lehortu ahal izateko, berriz piztu ahal izateko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan