Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-07-22 -- 2098.zenb

Zarata gogaikarriak Nobel saria merezi du

Nagore Irazustabarrena

New Jersey (AEB), 1965. Arno Penzias eta Robert Wilson zientzialari gazteek Bell de Holmdel Laborategietako komunikazio-antenarekin lan egiteko baimena lortu zuten. Baina etengabeko soinu gogaikarri batek ez zien uzten euren lan esperimentalean aurrera egiten. Txistu-hots moduko soinua zeruko toki guztietatik iristen zen, egun osoan zehar, urtaro guztietan.

Urtebetean gazteek denetik egin zuten soinuaren jatorria aurkitu eta desagerrarazteko. Zirkuituak konprobatu zituzten, entxufeak garbitu, kableak mugitu… Antena parabolikora igo eta goitik behera garbitu zuten “material dielektriko zuria” (txori-zirina) ezabatzeko.
Dena alferrik.

Penzias eta Wilsonek ez zekiten, handik 50 km eskasetara, Princeton-eko Unibertsitatean, Robert Dickek zuzendutako zientzialari talde bat zarata haren bila zebilenik. 40ko hamarkadan George Gamow jatorri errusiarreko astrofisikariak ondorengo teoria ipini zuen mahai gainean: espazioan sakon begiratuz gero, Eztanda Handiak utzitako erradiazio kosmikoaren arrastoak topatzea posible zen.

Haren ustez, erradiazioa mikrouhin moduan iritsiko zen Lurrera, kosmos guztia zeharkatu ondoren. Horren atzetik zebilen Dickeren taldea, Wilson eta Penziasek Princetonera telefono dei bat egin zuten arte. Euren “arazoa” konpondu nahi zutela esan zioten Dickeri.
Honek berehala, zera esan zien lankideei: “Mutilak, aurreratu egin zaizkigu”.

Penzias eta Wilsonek, nahi gabe, unibertsoaren muga topatu zuten, edo gutxienez unibertsoan ikus daitekeen zatiaren muga, hemendik 144.837 trilioi kilometrora gutxi gorabehera. Lehen fotoiak “ikusten” ari ziren, unibertsoko argirik zaharrena, Gamowk iragarri bezala mikrouhin moduan jaso bazituzten ere.

Ez Wilsonek ez Penziasek, ez zuten euren aurkikuntzaz ezertxo ere ulertu New York Timeseko artikulu batek horren guztiaren berri eman zuen arte. Baina urte batzuk geroago, 1978an Nobel Saria jaso zuen bikoteak.

Gaur egun jakina da erradiazio kosmikoak sortutako asaldua denok esperimentatu dugula behin baino gehiagotan. Telebista piztu eta seinalerik gabeko kanal bat ipiniz gero, pantailan dantzan dabiltzan soinu estatikoz betetzen da (txindurriz, beste modu batera esanda). Bada, soinu estatiko horien %1 Eztanda Handiaren hondakinen ondorio dira. Beraz, telebista programazioan ikustea merezi duen ezer ere ez dagoela pentsatzen duzun hurrengoan, jakizu unibertsoaren sorrera “ikusteko” aukera duzula.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan