Astekaria

 Diskoak 

Rockaren bat-batekotasunera daraman bidean

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2098. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Ways to nowhere'

The Brontës ::Ways to nowhere

Astro

iraupena ::41´40´´

prezioa ::11.86€

Gasteiztarrak dira, baina emaitza entzunda atzerrikoak izan zitezkeen. Batetik, indie-a zeritzona –Sebadoh, Pavement eta halakoak– eta AEBetako rocka –Neil Young tartean– batzeagatik; eta bestetik, ingelesez abesten eskarmentu handia eta sinesgarritasuna dutelako. Grabazio estudiora gutxitan sartzen direnez, aldi berean bi disko grabatu dituzte, momentuz Ways to nowhere (Ezezagunerantz daramaten bideak) bakarrik kaleratu duten arren. Diskoa oso gogor hasten da, indartsu; baina tarteka indie-aren eta (pop)rockaren artean kokatzen da, melodiak indartuz eta abestien intentsitatearekin jokatuz. Horrez gain, gai dira distortsioz jositako kantu basatiak (Dissapointing rain) zein pieza akustikoak (Solstice) erditzeko. Bigunegia doinu gogorren zaleentzako; eta gogorregia poperoentzako, “bide ezezagunean”.

«Askotan badirudi basamortuan predikatzen gabiltzala. Baina, ez dugu aldatu nahi, egiten duguna gustuko dugulako»

Oso noizbehinka sartzen zarete grabazio estudiora kantuak grabatzera; eta oraingoan ekinaldi berean bi disko egin dituzue. Ez da lan egiteko modu ohikoena…

Egia esanda, sarriago grabatzea nahiko genuke, baina hainbat arrazoirengatik ezin izan dugu. Aurreko lana grabatu genuenetik abesti asko pilatuta genituen, eta bidean kantuak gera ez zitezen bi disko egiteko aukera sortu zitzaigun. Ekinaldiko bigarren diskoa 2008a aurretik kaleratuko dutela esan digute diskoetxekoek. Horren kantuak lan honetan ere sar zitezkeen. Abesti guztiak grabatu ostean egin genuen-eta aukeraketa.

Lan honetako kantuak orain artekoak baino gogorragoak eta rockeroagoak dira. Ez da ekoizlearen errua bakarrik izango?

Bai, egia da rockeroagoa eta gogorragoa dela. Garapen naturala da. Hori da orain irten zaiguna, eta orain arte ez bezala aniztasun handiagoko kantuak ditu. Bestalde, Paco Locok soinu trataera kantuetara egokitu du, eta emaitza gogorragoa da.
“On the other side” (Beste aldean) da hainbat kantutan ageri den esamoldea… Zer dago beste aldean?
Ametsen aldea da, nahiko zenukeena, lortu nahi duzuna, itxaropena…

Hitzak irakurrita, esango nuke orokorrean kutsu malenkoniatsua, erreflexiboa, iheskorra dutela…

Abesti batzuetan hala da, baina hori baino positiboagoa da. Itxaropenaren eta bide onaren bilaketaz mintzo gara. Ways to nowhere dira bizitzan hartutako bideak, benetan norantz goazen jakin gabe. Atzera begiratze hori beste bide bat hartu izan bagenu zer egingo genukeen hausnartzeko.

“God gives bread to people without teeth” (Jainkoak ogia ematen die hortzik ez dutenei)… Entzuleek badute ahosabaia bestelako eskaintzak aztertzeko edo ematen dietena entzuten dute, besterik gabe?

Egia esan, askotan badirudi basamortuan predikatzen gabiltzala. Baina, ez dugu aldatu nahi, egiten duguna gustuko dugulako.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza