Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Osasuna

Siesta txiki batek zure bizimodua aldatuko du

hori dio behintzat Sara Mednick psikologoak AEBetan argitaratu berri duen liburuan. Izan ere, gero eta gehiago dira Eiffel dorrearen itzalean, Empire State erraldoiaren barruan, gure herriko plazetan edota iparraldeko herrialdeetako hotzetan, ekonomiak ezarritako ordutegi zurrunei muzin egin eta ia alferren ohitura bilakatu zen atsedenaldiari heltzen diotenak.

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2098. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Alemaniako Max Planck Institute-ko Jurgen Aschoff doktoreak duela ia mende erdia esan zuen bezala, gizakia animalia multifasikoa –edo bifasikoa bederen– omen da. Eta gauerdiko beheraldi nagusiaz gain, ba omen da beste beheraldi edo apalaldi motelxeago bat, eguerdi ostean agertzen dena: Horregatik, bazkal ostean sentitzen dugun logura hori ulergarria izateaz gain, itzulezina omen da.

Horixe egiten zuten Leonardo da Vinci, Isaac Newton eta Albert Einstein bezalako gizon ospetsuek, eguna bitan zatitu, eta eguerdi partean –erromatarrek “sexta” izena eman zioten ordu horri, hortik siesta izena– atsedenalditxo bat hartzen zuten. Erdi Aroan erloju mekanikoa asmatzeak eta Industria Iraultzak ekarri zituzten aldaketek siesta zokoratu eta herrialde alfer eta beroen kontua bihurtu zuten.

Baina Sara Mednick psikologoak dioen bezala, siesta doan da, ez da toxikoa eta ez dauka bigarren mailako ondorio arriskutsurik. Aitzitik, gure psikologoak 20 eragin mesedegarritik gora egozten dizkio siesta edo biaoari: estresa murrizten du, alerta maila igotzen du, migrainak arintzen ditu, pertzepzioa hobetzen du, memoriari laguntzen dio, sormena estimulatzen du... Mednick-en ustez, edozein siesta mesederako da 5 minututik 90 minutura bitartean luzatzen bada. Eta hainbat hobe etzaneko jarreran (edo horizontalean) egiten bada, eta lo sakona eragiten badu.

AEBetako hainbat enpresek (Nike etxeak, adibidez) oso serio hartu dituzte psikologoen oharrak, eta gune bereziak ezarri dituzte (nap lounges deituak), langileek bertan siesta egin dezaten, neurri horrekin langileen errendimendua hobetzen dela sinetsita daudelako.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia