Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Rubik kuboa berdinduta 26 mugimendutan

70eko hamarkadan aurkeztu zuen Erno Rubik hungariarrak hain ospetsu egin den kuboa. Publizitate kanpainak kuboaren ilarak eta zutabeak higituz milioika konbinazio posible egin zitezkeela zioen, baina egiaz, milioika baino, trilioika posibilitate daude.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2097. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Esku artean gehienok izan dugu horrelako kubo bat eta inork gutxik lortu du kuboaren alde bakoitzean kolore bana kokatzea. Kuboa kaleratu bezain azkar matematikari ugari saiatu da kuboaren ebazpenari logika matematikoa aplikatzen. 1997an Kaliforniako (AEB) unibertsitateko Richard Korf-ek kuboaren ebazpen azkarrena lortu zuela iragarri zuen. Hark zioen batez beste 18 mugimendu behar zirela kuboa ebazteko eta kasurik zailenak 20 mugimendutan ebatz zitezkeela. Esan bai, baina Korf-ek ezin izan zuen esandakoa frogatu. Are gehiago, 2000 urteaz geroztik argitaratutako beste ikerketetan 27an kokatu dute kuboa ebazteko beharrezko mugimendu-kopuru maximoa.

Boston-go (AEB) Northeastern Unibertsitateko Gene Cooperman-ek eta Dan Kunkle-k segitu dute ‘erronkan’. Eta mugimendu kopuru maximoa 26ra jaitsi dute. Horretarako 7 terabyteko diskoa eta segundoko 100 milioi eragiketa egiteko ahalmena duen ordenadorea erabili dituzte.

Klima berotuta, zorriak bertan goxo

Frantziako Rennes, Colmar, Arras eta Montpellier-en dauden zorri lekuen azterketa egiten ari dira orain urte batzuk zientzialariak.
Ikerketa hauen arabera, espezie kopurua ia egonkor mantendu den arren, pixkanaka-pixkanaka, gero eta espezie berri gehiago agertu dira. Bestalde, ohiturak aldatu eta gero eta gehiago kostatzen zaie zorriei migrazio bideari ekitea eta horrek populazioa asko haztea eragin du.

Jupiterreko aldaketak argazkitan

Jupiterreko eraztunek kolorea aldatzen dutela ezaguna bazen ere, lehen aldiz prozesua argazkitan jasotzea lortu dute. Hubble teleskopioak martxoaren 25a eta ekainaren 5a artean Jupiterreko ekuatorearen inguruko lainoen aldaketak argazkitan erregistratu ditu. Ezkerreko argazkian dauden laino zuriak eskuinekoan ilundu egin dira eta zurrunbilo bihurtu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia