Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-07-15 -- 2097.zenb

Hiztegietako umezurtzak

argazkia

Dani Blanco

Kanibalismoa ote?” galdetzen zuen Courrier International astekariko kazetariak, giza geneak txertatu zaizkion arroz bati buruzkoak azaltzen ari zela. Izan ere, nola deitu behar ote zaio haur jaioberrien zirin larria sendatzeko erabiliko omen den konposatu transgeniko horri? Besterik gabe, botikatzat hartuko ote da? Basmati moduko izenik ipiniko ote zaio zakutxotan edo zereal barraren itxuran plazaratzen bada? Ez da erraza gaiak harrotzen dituen hauts guztiak hitz bakarrean biltzea.

Joachim Sauer jauna ez da “gizarroza”. Kimika kuantikoan aditua, Berlingo Humboldt Unibertsitateko irakasle katedraduna, ikerkuntza molekularrean munduko hogeita hamar onenen artean aurkituko dugun zientzilaria da bizibideari dagokionez, baina bioteknologiak ukitutako produktuek bezalatsu uzten ditu berri-emaleak: inork ez daki nola deitu, harekiko tratuan nola asmatu. Bereziki haren emazte Angela Merkel –fisikan doktorea eta ikerkuntza molekularrean aritua hau ere– Alemaniako kantziler bilakatu zelarik, Lehen Damari dagozkion zereginak gogoz ala gogoz kontra gehitu zitzaizkionez geroztik.

Sozialdemokratek eta demokristauek osatzen duten koalizioa zuzentzen duenaren “bibotea” gustuko ez dutenek, esate baterako, Herr Merkel deitu izan diote ironiaz. Ironiaren ironiaz, hobeto esan, hain baita ironikoa norberaren abizena ezkontidearen abizenaren mesedetan galtzea, Pirinioetatik beherako lurraldeetan ez beste, praktika arrunta eta hainbat kasutan ia kuestionaezina izanagatik ere. Edo ironiaren ironiaren ironiaz, benetan zehatzak izanda. Angela Dorotea Kasner-en lehen senarraren abizena baita Merkel.

Batere txarra ez, seguruenik, Cherie Blair edo Hillary Clinton bezalako emakume karreradunen iritzia ezagutzerik balego.

“Operako mamua” ere izan da gizona. Batik bat G8ko goi-bileran estatu-buru boteretsuenen emazteak entretenitzeko lanak hartu aurretik. Ordura arte, haren emaztea Alemaniako historiako lehen emakumezko kantziler izendatu zuten egunean ere ez zuelako azaldu nahi izan eta urteko agerraldi publiko bakarra Bavierako Wagner Opera Jaialdiko inaugurazioan egiten zuelako datorkio goitizen literario hori.

Oraintsu, politikarien arteko ezkontide sonatuenaren rola zertxobait jokatzen hasi denetik, hiztegi lodikote bat baino gehiago astindu da hedabideetan nahiz politikari eta diplomatikoen bulegoetan “lehen dama” delakoaren pareko adiera maskulinoaren bila. Izango ote da berbarik “halakoren senarraren” arrunkeria gainditzearekin batera ohekide izate hutsari ardura politiko kutsua emango dionik? Jakina, goitizen irrigarrietara jotzeak ez du balio.

Zaila, halaber, Egunkaria aferako zazpi auzipetuei gertatzen ari zaiena biribilduko duen hitza aurkitzea. Zer-nolako barne-senak bultzatzen ote ditu Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak edota ahozko epaiketa egiteko erabakia hartu duten hiru magistratuak ez punta eta ez ipurdian daukan fartsa neurririk gabe luzatzera?

Pasatakoak pasata, irentsitakoak irentsita, zer ote da aiherkundetik eta gorrototik harago sentitzen dena Euskal Kulturako zazpi biktima ezagunenak –Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria– prozesu hutsal, mingarri eta infinitu batera kateatu behar izateko...
Kanibalismoa ote?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan