«Rocka alferrena da eta literatura jende konstantearena»

  • Ahots apalez ari da, ez behartzeko. Atzoko kontzertuaren hausterrek oraindik eztarrian erretzen dute, goizean emandako eskolak ere bai. Andoaingo Garate Estudioetan erantzun die Anarik galdera hauei, teloiaren beste aldean, gela itzaltsu batean. Fokuak asteburuetarako baitira, ez astelehen buruzurietarako.
Anari
Dani Blanco

Gaurko begiek nola ikusten dute lehen diskoa? Hamar urte joan dira kaleratu zenuenetik.


Ikusi, ondo. Aditu, ez. Nik kantuak egin nituen, kontzertu bat eman nuen eta kontzertuko probetan teknikari zegoenari, Jonani, esan nion: ‘Grabatuko al didazu, faborez?’. Baietz esan eta hortik sei hilabetera diskoarekin genbiltzan. Dena oso azkar, pentsatzeke... Nik nahi nituen bateria eta gitarra sartu, baina diskoa ez genuen entzun grabatu aurretik. Horrela irten zuen. Argi neukan txeloa sartu nahi nuela; momentu jakin batean inguruan darabilzkizun diskoek, eragiten dizute eta orduan asko aditzen nituen Kristin Hersh eta horrelako gauza akustikoak, txeloak... Nik uste lehen diskoak ordura arteko dena biltzen duela, norberak jakin gabe ere. Asko pentsatu gabe egindakoa izan zen.

Baina harrera ona izan zuen. Hemengo eszenan berritzailea izan zen...


Bai, ondo hartu zuten, bai hemen eta bai hemendik at. Segituan joan ginen kanpora jotzera. Musikalki bazeukan intentzio bat. Xabiren gitarrak zoragarriak dira, sonoritatea ere... Nik ideia putarik ez neukan...

Ui, hola Kaki! [Kaki Arkarazok ireki du gelako atea] Zutaz hitz egin behar nuen oraintxe! [Barre egin dute].
Ba horixe, nik zertan ari nintzen ideia putarik ez neukan, baina hor bazegoen intentzio eta esperientzia musikal sakoneko jendea. Bai Mikel [Abrego] bateriarekin, bai Xabi [Strubell] gitarrarekin eta Kaki. Kakiren eskua zeharo... sartuta esan behar nuen baino gaizki entendituko da... Baina bai, sartu behar zuen lekuan ondo sartu zuen. Ez dakit nola eurengana iritsi nintzen Esan Ozenkiren bidez.

Bakarrik jo nuen Bizkaiko baserri batean. Dut-ek jo zuen ondoren eta nik Xabiri esan nion mordoa gustatzen zitzaidala beraien musika, eta ea gitarra jo nahi zuen. Berak gustura joko lukeela. Gero Ferminekin [Muguruza] hizketan nengoela, esan zidan Mikelek ikusi ninduela eta gustatuko zitzaiola diskoan bateria jotzea. Eta ni justu BAP!!-en fan itzela nintzen. Horrela joan zen. Uste dut asko markatu zuela nondik eta zeinekin hasi nintzen.
Habiaken, gehiago nekien zer nahi nuen grabatu eta Zebran ere bai.

Denbora tarte handiak hartzen dituzu disko batetik bestera. Asko lantzen duzu disko berri bakoitza?


Ez dut denbora hori lantzeko hartzen. Lehenengo diskoarekin kontzertu asko jo genuen, beti jotzen dugu, poliki baina luze denboran. Eta tira, Zebrarekin hori aldatu egin da, izugarri jo dugu.

Jo izan dugu kontzertu bat, bi... Gero hiru astean ez... Lehenengo diskoarekin bi urte jotzen egon ginen. Kontzertuak eskaintzen ibili ostean hutsune bat lagatzea gustatzen zait. Orain arte horrela egin dut behintzat. Eta gero berriz ere nahiko kolpetik sortzen dut. Horrela egin dut bai Zebran eta bai Habiaken. Tarte horretan Pettirekin diskoa egin nuen eta -gailuren diskoa ere orduan atera zen. Hori da nire denbora.

Gainera lan egiten dut, irakaslea naiz. Eta orain arte disko bat eginda zegoenean berriz disko bera ez egitea behar izan dut. Horretarako gelditu eta hustu egin behar duzu, kostatu egiten baitzaizu aurreko diskoa uztea, pixka bat barruan gelditzen zaizu beti. Adibidez Zebrako zenbait kantu bi urte lehenago grabatu izan banitu, Habiakera tirako zuten.

Aldiro bide berriak bilatze horrek ez al dizkizu ateak ixten? Kontzeptu bat disko batean erabili eta hurrengoan zerbait berria bilatzeak presioa ere sortuko du.


Ez da presio kontua. Nik musika asko aditzen dut eta asko aditu izan dut. Niretzat kantuak dira garrantzitsuenak. Sonoritatea kantuarentzako da, ez kantua sonoritatearentzako. Gero bakoitza sonoritatearen arabera hazi egiten da edo beste zerbait hartzen du... Oso errenazentista naiz horretan, oso kontzeptuala.

Habiakek behar zuen horrelako habi bat: iluna, grabea... Dena oso dramatikoa da, hitzetan, kantatzeko eran, instrumentuetan, konponketetan... Zebra zuzenagoa da hitzetan, gogorragoa, gordinagoa. Moldaketa gordinagoak eskatzen zituen, zuzenagoak. Soinu zuzenagoa, ahots altuagoa... Ez hain dramatikoa.

Ez da bakarrik estilo kontua. Lehenengo diskoaren ondoren Habiak egin nuenean, lehen diskoa gustatu zitzaion jendeari ez zitzaion bigarrena gustatu. Eta gero, denborarekin, esan zidaten gustatu zitzaiela. Eta Zebrarekin ere jende bat izoztuta bezala geratu zen aditu zuenean. Eta orain, pertsona batek edo bik –baina tira, estatistikak horrela egiten dira–, esan didate: ‘Joe, orain aditu dut eta hau da gehien gustatu zaidana’.

Akordatzen naiz Zebra grabatu nuenean, masterrarekin etxera joan eta kristoren bertigoa izan nuela. Baina Habiaken ere bai. Horri segitzen diot, ez dakit zer egingo dudan hurrengo. Orain adibidez, sonoritate hori kontzertuetarako oso zuzena da eta oso gustura nago. Pixka bat bilatu egin dut egoeraren arabera, baina beste hitz batzuek Habiaken sonoritatea eskatuko balute ez nuke arazorik edukiko. Urteak pasatzen ditut kantuak egiten, eta horri sonoritate bat bilatzen berriz, azkeneko sei hilabeteak. Buruan aditzen duzu diskoa azkenerako.

Hasieran PJ Harveyrekin konparatu zintuzten...

Neska izatearen kontua, ezta?

Horrelako sailkapenak nola ikusten dituzu?


Nahiko sinpleak dira. Adibidez, PJ Harveyrena: asko gustatzen zait, baina neskak neskekin erlazionatzera jotzen da. Askoz gehiago entzun dut Nick Cave adibidez, eta beste talde asko ere bai. Zer edo zer badago, baina esaten dizutenean ‘zein dira zure influentziak?’... Nik zer dakit ba.

Ez dakit nola esplikatu. Ez zaitu eragiten bakarrik gustatzen zaizunak, hori subkontzientearen parte batean dago. Azkenean jaten duzunetik kaka egiten duzun bezala, aditzen duzunetik egiten duzu musika. Egia da, hala ere, inondik ezagutzen ez zaituen batek ateratzen baditu Walkabouts, Nick Cave... Zure etxean dauden hogei disko asmatzen baldin baditu, hor argi dago zer edo zer badagoela. Baina hasieran esaten zutenean Lourdes Iriondo eta... Nik asko errespetatzen ditut denak, baina euskaraz kantatzen nuelako eta emakumea nintzelako hemengo emakumeekin lotu ninduten.


Kantautore hitza ere erabili zuten zurekin.


Nik beti esaten dut ni kantautore kontsideratzen nauenak Michael Jackson ere kontsideratu beharko lukeela. Ez zait gustatzen. Akustikoan aritzearekin lotzen da kantautore izatearena, baina tira, izan naiz eta banaiz hori ere.

Norberaren aurreiritziak ere badira. Ni ez naiz identifikatzen Paco Ibañez edo Silvio Rodriguezekin. Baina Nick Cave ere kantautorea da, eta Leonard Cohen eta PJ Harvey ere bai. Rockeko jendearekin, adibidez Lou Reedekin, ez dute inoiz kantautorea dela esaten.

Hitzetan nahiko ildo intimistatik jo duzu orain arte, baina Zebra aurkeztean esan zenuen hurrengo lanetan zutaz hitz egitea saihestu nahi duzula. Gai sozialak landuko dituzu hemendik aurrera?


Nahiko nuke. Egia esan halaxe sentitu nuen Zebran, ziklo bat, trilogia bat ixten zela. Inork ez du pentsatzen trilogietan, Kieslowskik kenduta. Iruditzen zait trilogiena atzera begira egiten duzula: hirugarrena egin dudanean trilogia bat egin dut. Igual ez dut ezer aurkituko, eta neure mugak aurkituko ditut beste zerbait bilatzen hasita, baina gustatuko litzaidake halako “norbera baina norberaren munduan” erakustea. Indibidualista naiz, eta sozialean baino gehiago sinesten dut indibidualismoan, kanpora begirakoa baldin bada. Horrelako lege natural zabal bat bakoitzarengana iritsi araztea baino, errazagoa dela bakoitzarena denengana zabaltzea. Horretan nabil buelta eta buelta.


Oso literaturzalea zarela ikusten da hitzetan. Zer ari zara irakurtzen azken aldian?


Asko leitzen dut, ez dakit... Azkenengo urtean orain modan dagoen Haruki Murakamiren denak leitu ditut. Poesia ere bai asko... Nik uste burmuineko bi edo hiru parterekin leitzen dela. Batekin nobela, bestearekin saiakera eta bestearekin poesia.

Kantak egiterakoan melodian oinarritzen zara edo hitzetan?


Alde batetik melodiak egiten ditut eta grabatzen joaten naiz, eta beste alde batetik idatzi egiten dut. Baina behin ere ez naiz jartzen hitzak goitik behera idazten. Normalean, estudioan sartu baino bi egun lehenago bukatzen ditut, eta batzuk kantatzen ari naizela.

Lehenengo diskoan antzematen da: kantuz kantu egina dago. Azkeneko bi diskoetan berriz, Habiaken batez ere, tituluaren kontzeptua izan da diskoa lotu duena. Idazten joaten naiz, asko idazten dut. Eta gero, zer gairen inguruan hitz egin nahi dudan erabakitzen dut eta idatzitako horrekin nola esan hori. Ez dut hitza hartu eta horrekin kantua egiten. Grabatutako musikan adibidez, akorde minor batetik maiorrera pasatzen den pasarte batean, hitzetan ere salto positibo bat ematen dut. Edo akorde ilun bat badago, jaitsiera bat, era horretan daude idatzita hitzak ere. Hilabeteak pasatzen ditut gauza horietan.

Asko idazten duzula esan duzu. Kantuetatik aparte poema libururen bat kaleratzea pentsatu duzu?


Bai, pentsatu izan dut. Pentsatu baino, esan egin didate.

Eta etorkizunean, halakorik ikusten duzu?


Ez dut ikusten etorkizunik. Gustatuko litzaidake, baina ez dakit. Ez dakit nola antolatuko nukeen nire barruan. Baina tira, igual izango da. Ez noa ‘bai’ esatera, baina ederra izango litzateke disko-liburu bat kaleratzea. Kontua da rocka alferrena dela eta literatura jende konstantearena. Lana da, eta nik bihozkadaka funtzionatzen dut. Jarrera hori rockarekin hobeto doa literaturarekin baino. Poesia igual salba liteke.

Jendeak esan dizu argitaratzeko.


Bai.


Argitaletxeren batek?


Baita.

Zein den jakin liteke?


Ez. Erdal mundutik ere esan izan didate, hitzak itzultzeko eta idatzita dagoen beste zerbaitekin ateratzeko. Baina ez ditut aditu ere egin nahi. Dagoenean ikusiko da, eskaintza izan behar da lehenbizi, ez eskaria.


Hitz egin dezagun bidaia lagunez: Pettirekin batera disko bat kaleratua duzu, Inoren Ero Ni eta Lisabörekin ere harreman handia duzu. Elkarlan horiek funtzionatzen ari dira.


Nahiko intzestu zaleak gara. Lisaböko Txap nire tekniko izan da, beraiekin kantatu nuen... Nire lehenengo kontzertuan adibidez, Irungo Kabigorri tabernan, Txap tekniko zegoen. Nik orduan ez nuen Lisabö aditzen. Alde batetik kasualitatea izan zen, baina horrelako loturen bidez harremana zabaltzen joan da eta sortzen joan dira proiektuak. Mikelek -gailu proiektua egin zuenean ere kantatu nuen.


Bidehuts ere sortu duzue, Inoren Ero Nik, Lisabök eta zuk. Metak itxi ondoren etorri da. Inpaktu handia izan zen itxiera?


Bai, pena handia izan zen. Orduan esan ziren denak, zer nolako erreferentzia zen eta...
Nik uste garai batean musika era batera garatu zela, eta musikaren inguruko negozioa edo bussinessa, eta denok dakigun arrazoiengatik ezin izan zen mantendu. Baina Bidehuts ez da Metak-en itxieratik sortua. Hor gauden taldeek badauzkagu beste aukerak ere, baina hori hautatu dugu.

Nire kasuan adibidez, orain arte copylefteko ideologiakoa izan arren copyrightarekin jokatu dut. Ez dakit zer pasako den, oraindik ez dut ezer grabatu, baina copyleftaren kontuarekin hasi zirenetik, garai berriei ideia eta forma berriak ematea dela iruditzen zait. Nahi duzuna egiteko bidea zabaltzen du. Gauza horien garaia da: irudikaria, botereak sortu dituen medioak erabiltzea zuk zure erara egiteko... Oso interesgarria iruditzen zait.

Egia da gure industria ito duenak berak kristoren aukerak ematen dituela industria horretatik paso egiteko. Oso urte onak egon dira hemen eta jendeak dirua egin du. Niretzat hasieratik bidea beste zirkuituetan jotzea eta aldarrikatzea izan da. Adibidez, Zebrarekin urtebete egon gara, 40 kontzertu pasa egin ditugu eta jende pilak ikusi gaitu. Disko gutxiago saltzen dira, baina jendeak musika aditzen du. Kristoren mugimendu interesgarria iruditzen zait.

Lanbidez irakaslea zara. Profesionalizazioa oso zaila al dago?


Bai, hor dago gakoa. Nik beti eduki dut argi hobe dela nire musikarekin dudan erlazioa banatzea, behintzat muga horretan zabiltzanean, bizitzeko lain atera behar duzunean. Mexikarrak bagina, irabazitako dena tekilatan gastatu eta handik bi hilabetera berriz jo... Baina gure sistema kapitalista honetan etxea eta autoa eta ordaintzeko, errazagoa egiten zait lana eduki eta musikarekin aparte ibiltzea. Ez baldin badago cacherik 40 kontzertu egin ditzakezu eta esan ‘goazen gasolinaren truke’. 200 pertsona etortzen badira gu ikustera, horrek balio du. Musika zuzenekoak egiten du, jotzeak. Guk horrela egin dugu aurten eta ondo irten digu.

Asko ari zarete jotzen azkenaldian.


Asko jo dugu, bai. Eta nik uste orain eszena alternatiboak irtengo duela gora. Oso leku eleganteak daude jotzeko, Bonberenea Tolosan, Azkoitiako Matadeixe... Mila daude. Azkenean kanpotik etorri den jendearengandik ikasi behar dugu: Giant Sand, Howe Gelb... Azkoitian aurten Matadeixetik nazioartean kristoren izena daukan jendea pasa da.

Publiko berri bat sortzen ari dela esan liteke? Orain dela 10 urte funtzionatzen ez zuten proposamenek orain jende gehiago erakartzen dute.


Argi dago gauzarik desberdinenek daukatela euren publikoa. Eta igual hortik ari da hazten. Azkeneko urteetan ikasleekin ikusi dudana zera da, eta harrituta geratu naiz: Ordizian, ikasleek 40 Principales aditzen dute. Dagoeneko ez dute Euskadi Gaztea aditzen. Eta oraindik hor dago Ken 7, baina hortxe-hortxe.

Orain dela bost urte ikasleek aditzen zituzten disko gehienak euskaldunak ziren. Eta orain hori galtzen ari da. Kontzertuetara joaten dena beste era bateko musika gustatzen zaion jendea da. Eta noski, ohitu gara milaka pertsona sartzen kontzertuetara... Eta orain berriz kontzertu pila dago 150, 200 pertsonakoak. Nik beti esan dut era bateko krisia badagoela, baina Alejandro Sanzek esaten duenean musika krisian dagoela... Eta Rolling Stones ere krisian daude, ez dute Anoeta bete, eta hurrengo egunean Teleberrian zer pasatzen den galdezka. Igual konformatzean dago kontua. Herri txikia gara.

Gu hazi egin gara adibidez, disko hau jende gehiagorengana ailegatu dela iruditu zaigu. Nik uste orain balantzak gora egingo duela eta kontzertu handi gutxi baino, txiki asko egongo dela. Hori demokratizazioa da nolabait.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude