Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Txinako urtegi erraldoia zerutik ikusia

Chang Jiang ibaian (Txina) munduko urtegirik handiena eraikitzen ari dira. Munduko urtegi handiena eraikitzea ez da goizetik gauera egiteko moduko lana. Eta munduko urtegi handiena ez da goizetik gauera betetzen. 2009an izango omen du bere mailarik handiena. 185 metroko hormak ditu eta ura 135 metrora baino ez da heldu orain arte. Guztia betetzean 244 kilometro koadroko lur-eremua hartuko du eta 18 milioi kilowatteko ahalmena izango du.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2095. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Ia bi kilometro eta erdiko zabalera duen eraikuntza hori espaziotik ikus daitekeen apurretakoa da eta NASAko Landsat sateliteak 1987ko apirilaren 17an eta 2006ko azaroaren 7an ateratako argazkiek eremu hartan gertatutako aldaketak erakusten dituzte.

Urak estalitako lur-eremuez gain, urtegiak beste 160 km koadroko eremuan eragina izango du. Eta milioi bat pertsona baino gehiago lekualdatu dituzte agintariek.

Urtegiaren inguruan gero eta euri gutxiago egiten du; handik ehunka kilometrora, Daba eta Qinling mendietan, aldiz, tenperatura ia gradu bat jaitsi da eta gero eta euri gehiago egiten du.

Lanak amaitzean ur-biltegiak ia 600 km koadroko izango dituenez, inguru hartako klima gehiago aldatuko dela uste dute ikerlariak.

XIX. mendeko balea ehizatu dute

Hamabost metro luze eta 50 tonako pisua du Alaskan ehizatu berri duten baleak. Animaliaren gantza artean 1880-1890 inguruko arpoi-zatia atzeman dute.

Harrapatutako baleak 120 urte inguru izango zituela kalkulatu dute eta 8,5 cm-ko arpoi-zatia lepoaldean zuen. Arpoiak dituen ezaugarriengatik Massachussetts-eko (AEB) New Bedford-en egina izan zela uste dute, esan bezala XIX. mendearen hondarrean.

Balaena mysticetus espezieko balea da eta Beaufort itsasoaren eta Bering itsasoaren artean bizi izaten dira espezie horretakoak.

Ez da baleen gorputzetan horrelako zerbait topatu duten lehendabiziko aldia, baina sekula ez zuten lehenago hain arpoi zaharra kausitu.

Baleak babesturik daude eta Ipar Poloko itsasoetan aipatu espezieko ia 11.000 ale bizi direla uste dute zientzialariek; izan ere, ehizarako kuota kontrolatu zenetik urtero %3 hazi da kopurua.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia