Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-07-01 -- 2095.zenb

Politikaren neurosia, neurosiaren politika

Joseba Azkarraga

argazkia

Karlos Corbella

Neska batek hitz egin zidan harreman mingarrietara lotzeko zuen erraztasunaz: gizon eredu bat komeni ez dela ondotxo jakin, baina beti halako batekin topo egin, bai bitxia. Eta komeni denarekin, ezin biderik egin, hori alukeria. Bizitza, gizon kaltegarrien hurrenkera gisa antola daiteke, noria bailitzan. Inertzia, konpultsioa, errepikapena.

Inkontzientearen subjektuak gara, izan ere. “Pentsatzen ez dudan lekuan, hantxe nago” zioen Lacanek. Portaerak geureak dira, sarri ez gara euren jabeak ordea. Geure motibo agerikoetatik harago, beste zerbait gertatzen ari da beste nonbait. Beste leku horretako bizilagunak gara, horren susmo izpirik izan barik.

Errepikapenerako konpultsioak egiten du neurotikoa. Bizipen mingarriak errepikatzeko joera bitxia dugu espezie honetakook, askoren identitatea hortxe eraikitzeraino. Absurdua da oso: subjektuak ezin dio uko egin zenbait esperientzia “gozatzeari”, nahiz esperientziok traumatikoak izan. Inertzia, konpultsioa, errepikapena.

Fairbairn psikoanalistak tratu txarrak jasotako umeekin egin zuen lan. Harrituta ikusten zuen umeek euren guraso-borreroenganako azaltzen zuten atxikimendua, leialtasuna. Harremanean ez zegoen plazerrik, mina baizik, sufrimenduaren amaraun likatsua desio zuten ordea. Gurasoengandik aldendu eta objektu alternatiboak hautatu ordez, umeek sufrimendua hautatzen zuten konexio gisa. Nagusitan, zelan ez, besteengandik horixe itxaroten zuten: konexio mingarria.

Ahalmen miresgarria dugu esperientzia samingarriei itsatsita bizitzeko. Hor badago espeziea sakon definitzen duen zerbait. Fairbairnek esan zigun, Freud maisuari kontra eginez, libidoak ez duela plazerra bilatzen, ezpada objektua bera: besteekin konexioa bere horretan helburu da. Konexio mingarria baino mingarriagoa dela konexiorik eza, zelanbait.

Esaiozu neurotikoari oinazearen noria absurduak baduela alternatibarik; esaiozu laguna duzun neskari mina besterik ez diola ekarriko gizon horrek; esaiozu beste haren begiei dariela zaintzaile onaren distira. Esaiozu, arren, baina nekez lortuko duzu ezer. Gaixoak ez baitu erraz uzten gaixotasuna. Ez du nahi.

Ez da masokismoa, xinpleegia litzateke hori. Arrazoi sendoak ditu: neurosia eta honen sintomak bere izaeraren parte dira. Bera da gaixotasuna. Ez dago bizitzarik, ez dago errealitaterik gaixotasunetik harago. Hortik harago, amildegiari egin behar zaio aurre.

Politikan, konexio mingarrietara pasa gara berriro. Nire begietara, ausardiaz gain intentzioa falta izan zaio Madrili. Eta beldurra agindu diogu elkarri: bizkartzainak nonahi, errepresioa nahi beste. Inertzia, konpultsioa, errepikapena.

Poloniar batek hemeretzi bat urte koman igaro eta, esnatzean, dena aldatuta aurkitu ei du: erregimen komunistan lokartu zen eta kapitalismo globalean esnatu da. Euskalduna izan balitz ostera, auzi politikoa ez beste guztia aurkituko zukeen aldatuta.

Hemen, neurotikoaren antzera, badirudi portaera patroi bati itsatsiak gaudela, inertzia automatari josiak. Norbere buruaren kalterako bada ere, hortxe, temati. Eta leku guztietan dago portaera horren alerik: borroka armatuan, estatu-biolentzian, zein gestiogintza autonomistan.

Han-hemenka barreiaturiko ale horien beldurrik handiena desioa errealitate bihurtzea ote den: arerioa behin betiko desagertzea. Bertan sostengatzen baitira.

Finean, aleok han-hemenka nagusi direneko zikloari ekin zaio berriro: aldaketa baino inportanteagoa da identitatearen auto-produkzioa, errepikapena, inertzia.

Saihestu da auto-transformazioa. Saihestu da amildegia: identifikazio-erreferentzien galera, identitatearen disoluzioa.
Inertzia, konpultsioa, errepikapena.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan