Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-07-01 -- 2095.zenb

Osasuna

Bost irakasletik bat erreta

Jabier Agirre

“Erretako irakaslearen sindromea” jasaten omen du bost irakasletatik batek. Eta horietako % 39k estres larriaren adierazleak ditu Madrileko ANPE irakaskuntza-sindikatuak egindako ikerketaren arabera. Cisneros IX izenaz aurkeztu duten azterketa ikasturte hasieran plazaratu zen baina udako oporren atarian ekarri nahi izan dut lerrootara.

Haur Hezkuntzako, Lehen Mailako eta Bigarren Mailako Irakaskuntzan diharduten 237 ikastetxetako 2.200 irakaslerekin izandako elkarrizketak dira txostenaren oinarria. Datuak kezkagarriak dira oso: irakasleen erdiak baino gehiagok (% 54k) esan duenez, beren ikastetxeetan indarkeria fisikoa edo ahozkoa jasan izan du. Datuak Espainia osora estrapolatuz gero 230.000 irakaslek tratu txarrak jasango lituzketela esan nahiko luke. Ikerketaren zuzendari Iñaki Piñuel-ek esan bezala, eraso fisikoa jasandako kasuak oso gutxi izan ziren zorionez (% 11), eta gorabehera gehienak hitzezkoak eta psikologikoak izan ziren. Baina esan beharra dago kasu horiek direla “irakasleak gehien desgastatzen dituztenak”, hainbat arrisku psikosozial eraginez, esaterako estresa, mobbing-a, edota “erretako irakaslearen sindromea” esaten zaiona: antsietatea, depresioa, eta kasurik larrienean, lanbidea uztea.

Azkeneko ondorio hori, lanbidea uztea alegia, hamar irakasletik baten kasuan gertatzen da, eta horrez gain, beste irakasle-mordo bat –hogeitik bat, txostenaren arabera– bajan dago edo baja hartzen du ikasturtean zehar. Arrisku psikosozialen intzidentziak gora egiten du irakasleen antzinatasunarekin, eta Piñuelen esanetan afekzio psikologiko horiek sintoma somatikoak eragiten dituzte luzarora: min muskularrak, nekea, loaren trastornoak eta buruko mina.

ANPE sindikatuko Irakasleen Defendatzaile Inmaculada Suarez-ek azaldu duenez, erakunde horrek bere lehen urtean jasotako 1.400 deietatik % 60 irakasleek euren klaseei aurre egiteko zuten beldurrak eraginda gertatu omen ziren; beste arrazoiak irainak (% 20), mehatxuak (% 11) eta eraso fisikoak (% 9) izan ziren.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan