2007-06-24 -- 2094.zenb
Harkaitz Zubiri ::Zakur kale
Susa
orrialdeak ::140
prezioa ::13€
Edozein lekutan gerta zitezkeen Harkaitz Zubiri donostiar gazteak (1977) Zakur kale izeneko liburuan bildu dituen kontakizunak, baina idazleak hala nahita gehienbat Donostialdean kokatzen dira. Nola edo hala, etengabe goranahi dabiltzan pertsonaien jokaera agertzen du, bereziki, narrazioetan. Horretarako, gutxi axola zaie pertsonaiei egoerak nor zapaltzera bultzatzen dituen. Beraien artean, badira enpresetako jabeak, enpresa horietako zuzendariak edo goi karguren bat dutenak. Baina, gehiago ere bai: Abegi SA enpresan eta Pasaiako portuko merkantzien garraioaz arduratzen direnetan beren eguneroko irabazia atera nahirik dabiltzan langile soilak ere azaltzen dira liburuan. Pertsonaia guztiek aurre egin behar diote bizitzan izan duten nolabaiteko gainbeheraren bati, eta eskrupuluak bazterrera utziz ekiten diote ahaleginari. Hor azaltzen da Harkaitz Zubirik agerian utzi nahi izan duen zakurkeria. Etorkizun oparoagoa bilatu nahi horretan pertsonaiek erakusten duten besteekiko maltzurkerian. Batzuetan, beraiek horrela tratatuak izan direlako, besteetan bere kabuz aukeratu dutelako. Azpikeriaren unibertsoa eskaini du idazleak Zakur kale bere aurreneko liburuan.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa