2007-06-17 -- 2093.zenb
Txomin Txueka
Hamar milatik gora kontatzen dira preso palestinarrak. Eta hamar milatik gora izan daitezke hamar mila eta bost, hamabost mila, edo milioi bat eta bostehun mila; Gazako biztanleria osoa. Ez da berrogei kilometro luze, eta ez da zazpi kilometro zabal. Lur luze fina dela esan daiteke. Baina fina baino egokiago dator estua. Bizitza halakoa baita, estua. Luzea ez da beti izaten. Nahiz eta kondena laburrik ez den existitzen.
Ez da ohiko kartzela. Ateratzea ez ezik sartzea ere oso zaila da. 2006ko ekainean soldadu israeldar bat bahitu zutenetik, Eretzeko mugan haizea ere ez da pasatzen. Gazan senideak dituzten familia palestinarrentzat ezinezkoa bihurtu da elkar ikustea, eta kazetariek ere ezin dute sartu Israelgo Gobernuak emandako baimen berezi bat izan ezean. Eta Israelek nahiago du munduak Gazan gertatzen dena ez ikustea.
Gaza gerran bizi da. Gobernua koaliziokoa den arren Hamaseko talde armatuek eta Al Fatakoek ezin dute elkar ikusi. Horrez gain botere handiko familiak bizi dira Gazan, batzuek beren milizia ere badute. Eta milizia horiek kalez kale borrokatzen dute agintea. Kontrolik gabeko egoera nahasian bizi da Gaza aspaldion. Eta hori dena gutxi balitz, Israelen F16 hegazkinetatik misilak erortzen dira. Hamaseko burukideen kontra jaurtitzen dituztela esaten da, baina behin baino gehiagotan nahastu izan da misila bidez.
Kazetari atzerritar denek ospa egin dute Gazatik. Allan Johnson zen gelditzen zen bakarretakoa, BBCkoa. Baina talde ezezagun batek bahitu egin zuen martxoan, eta geroztik ez da haren berri gehiagorik. Hilda ote dagoen zurrumurruak ere indar handia hartu zuen, baina apirilean zabaldu zuten bizirik dagoela. Diruagatik bahitu zutela dio jendeak. Orain, Gazan dabilen edozein bihurtu da bahitua izateko hautagai, are gehiago atzerritarra eta kazetaria baldin bada. Eta berriemaile lana egiteko kazetari palestinarrak kontratatu behar izan dituzte berri agentzia handiek. Denek, batek izan ezik. Nursel Gurdilek kazetari turkiarrak lehen bezalaxe jarraitzea erabaki zuen, Jerusalemen biziz, baina tarteka Gazara joanez, eta han aste osoak pasaz. Gauak barne.
“Hamabiak jo eta gero kalera ezin da atera, kale kantoi oro dago milizia bateko kideren bat. Bideak barrikadaz betetzen dituzte, eta zu zoazen autoa gelditzen badute badakigu zer ondorio izan dezakezun. Gainera, emakumea naiz, eta horrek are gehiago zailtzen dit bidea. Baina lagun asko ditut –dio Gurdilekek–, eta eskerrak horri. Egunean zehar beti ibiltzen da gizonezko lagun bat nirekin bizkartzain, eta gauetan familietan hartzen dut ostatu, hotelean sekula ez, arriskutsuegia da.”.
Ekonomikoki itotzen ari da
Munduan libre dabilen bakarra kapitala da, ez da egia txikia. Etorkinak pasa ezin diren lekuetan ere pasatzen da fakturaren bat, pasaporterik gabe. Baina Gazara trukaketa ekonomikorik ere ez da heltzen. Hamas boterera iritsi denetik nazioarteak ekonomikoki boikotatzera deitu du, eta horrek are eta gehiago estutzen dio lepoa Gazari. Palestinar asko lanera ezin joanda bizi dira. Bertako komertzioak ere ia zer saldurik gabe gelditu dira. Coca Colarik ere ez dago leku batzuetan, eta hori ez da erraza munduan. “Tailer txiki batzuk badira –hasperen egin du Nurselek–, baina egunean hamar sekel irabaziko dituzte, bi dolar eta erdi. Eta horrekin ezin daiteke bizitza esperantza oso luzea eduki”. Israelen helburua Gaza, ekonomikoki, militarki, eta ahal duen bitarteko guziak erabilita, lepoa estu-estu eginda edukitzea da. Ito arte. Soldadu israeldarra bahitu zutenean, elektrizitate postuari eraso zion Israelek eta hilabete osoak pasa zituzten Gazan argirik eta hozkailurik gabe udako bero sapan. Denbora gutxiren buru, pobrezia miseria bihurtuko da, eta miserian arnasbide bakarra izango du palestinarrak. “Kanpoan bizi diren senideak. Palestinar askok dute hurbilekoren bat atzerrian, eta horiek dirua bidaltzen dute. Baina bankuek ere gero eta gutxiago zabaltzen dituzte ateak. Bizitza, oso pauso azkarrean, ezinezko bihurtzen ari da Gazan”.
Bizi ezinak erradikalizatzea berezko ondorio du. “Lehen emakumezkoek, nahi ez bagenuen, ez genuen zapirik erabili beharrik. Orain, lasai ibiliko bazara, jantzi beharra daukazu. Islamismoa indarra hartzen ari da”. Hamasen Gobernuarekiko kritiko mintzo da Gurdilek, sosik ez omen dago lan sozialerako, baina armak erosteko bai. Iranek eta Siriak laguntzen dutela dio. Baina berak ere aitortzen du Ezzedine al-Qassam Hamasen beso armatuak Sderot herri israeldarrera botatzen dituen misilak ez direla oso baliotsuak “etxean egindako jaurtigai xume batzuk baino ez dira. Benetako misilak Israelek eraso horiei erantzuteko botatzen dituenak dira. Hildako asko eragiten dute, eta etxeak txiki-txiki eginda utzi. Arriskua eta beldurra oso zabaldua dago”.
Baina Gurdilekek joaten segituko du hala ere. Eretzeko mugan atea zabaltzen dion kazetari txartelaren jabe da, eta hori ez du alferrik galduko. “Gure lana horixe delako, joan eta gure begiz ikustea. Errazegia litzateke internetetik berriak irakurri eta hor jartzen duena esatea. Neronek ikusi nahi dut zer gertatzen ari den”.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa