Astekaria

 Azkena 

Giza(ki)gaixoa!

Hauteskunde-emaitzen azterketa lagunentzat utzi, eta natorren apirilaren 17ko Berria egunkarira. Azalean: “Gutxienez 32 lagun hil ditu gizon batek tiroz AEBetan, Virginiako unibertsitatean”. 14. orrialdean: “Hiru gizon atxilotu dituzte Bilbon eta Iruñean, bikotekideak edo bikotekide ohiak jotzeagatik”. Eta atzeko azalean, Sally txakurraz erreportajea, egun batzuk lehenago Beasainen 79 urteko jabeak egurtu eta 15 metroko altueratik Oria ibaira bota ondoren, hanka bat moztuta ageri da Usurbilgo Babes Elkartean. Eta hori guztia icebergaren goren muturtxoa besterik ez da.

Iñaki Mendiguren

Iñaki Mendiguren


2092. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Iñaki Mendiguren
(Dani Blanco)

Zerk bultzatzen ote du gizakia horrelakoetara, erantzun ordez, batzuek legeak zorroztu eta zigorrak gogortu nahi dituzte beti. Beste batzuentzat “haizeak jotako” ero bakan batzuen izugarrikeriak dira; hots, buruko kimika kontuak, lehenbailehen pilula bidez konpondu beharrekoak! Azkenik, badira “bekatua” azkar aipatuko dizutenak. Baina jarrera horiek “alfer samarrak” direlakoan nago; batetik, alferkeriak eraginak, sustraiak bilatzeko ahalegin gutxikoak, eta bestetik, jokabideak konpontzeko ere alferrikakoak.

Gizakiok abereek ez bezalako askatasuna dugu, eta geure izaera mugatuaren eta hilkortasunaren kontzientzia bizia. Teologiak argitzen duenez –eta psikologia sakonak ere bai, beste hizkera batez– gizakiok, Paradisutik kanpo, noraezean gabiltza munduan, izu-ikarak jota. Gizakiaren egoera hori ez al da Kierkegaardek eta ondorengo existentzialistek (Sartrek…) “larrimin” gisa azaltzen dutena? Eta gaizki konpondutako larritasun existentzialak erraz eramaten gaitu bortxazko neurosira, histeriara, depresiora, eskizofreniara. Geure buruaz konfiantzarik ez, eta Jainko izateko ahaleginetan erotu behar, edo bestela anaiaren beldur beti… harik eta, etsipen gaiztoan murgilduta, Kain gizagaixoak Abel hiltzen duen arte! Aldi berean, geure barne-barnean “paradisu galduaren” amets eta premiarekin bizi gara. Kontraesan horretan, nork eutsiko dio bere osasunari edo “osotasunari”? Beharko antidepresiboak eta antsiolitikoak hartu! Nola kontrolatu, bestela, gau-festa jendetsu horietan edozein substantzia desinhibitzaile hartutakoan (alkohola…) garrasika desmadratzen den edo negarrez hasten den barruko munstro hori?

Labur esateko: maila batean edo bestean, gizaki asko gaixotzen gara psikikoki, geure burua erruki gabe egurtzen dugu eta, ondorioz, inguruko kristo guztia (gizakiak, abereak, gauzak…). Eta horrelakoetan gizagaixo koitaduok moralista erlijioso eta zigortzaile zientifiko gutxiago beharko genuke, eliza-dogma eta harrokeria arrazionalista gutxiago; apurtutako eta apurtzaile bihurtutako gizakiok “osagileak” behar ditugu, sendatzaileak, terapeutak, entzuleak, adiskideak… gizakion barrua husten eta berrantolatzen laguntzeko, sufrimendua ulertu eta konfiantza eta maitasuna berreskuratzeko, geure burua onartzeko, geure erraietan osasun-indarrak aurkitzeko…

Kristauen Jesusek gaixoak sendatzen zituen, eta horretara bidali zituen bere ikasleak; geroztik, kristautasunak eta fedearen hizkerak jende asko gaixotu du, eta neurosi obsesibo kolektibo asko sortu –hori zioten arrazoi osoz S. Freud-ek eta Paul Tillich teologoak–. Baina kristautasunak, erlijio-sinboloek, psikologia sakonarekin uztartuta, gizakia osatzen ere lagun dezakete. Horretan saiatzen da, adibidez, Eugen Drewermann; nahi duenak irakur beza bere La Palabra de salvación y sanación. La fuerza liberadora de la fe (Herder) edo Psicoanálisis y teología moral (DDB, Bilbo); euskaraz, berriz, Joseba Azkarraga Etxegibelen Mendebaldearen mintzo mindua (Euskaltzaindia) saiakeran badira gogoeta bikainak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia