2007-06-03 -- 2091.zenb
Diglosia: “The coexistence in the same area of a colloquial idiom of an inferior prestige, side by side with a more learned language". Gu Euskal Herrian diglosia gorrian bizi gara.
Euskara espainolaren eta frantsesaren ondoan bizi da. Prestigio txikiago du eta alor askotan –administrazioan, justizian, teknikan, osasun kontuetan...– espainola eta frantsesa baino askoz gutxiago erabilia izan da.
Euskara orain arte ez da eskolan eta unibertsitatean sartu.
Gazteek ez dute euskaraz egiten. Zergatik? Diglosian bizi garenez gero, espainolez errazago egiten dutelako. Bermeon, adibidez, lehengo egunean Deia egunkariak esaten zuenez “euskararen erabilera %60koa da, nahiz eta gazteriaren herenak baino ez duen ahotan”. Ondarroan ere gauza bertsua gertatzen omen da. Eta beste herri askotan ere bai.
Diglosia hizkuntza galtzearen aurreko egoera da.
Hona Spektrum der Wissenschaft aldizkari entzutetsuaren lerrook:
“Gizaldi honetan munduko hizkuntzarik gehienak desagertu egingo dira, ehunetik 70 edo 90”.
Diglosiak dakarren birusa: jendeak hizkuntza nagusiz pentsatzen duela.
Hemen dago koska. Euskal Herrian, diglosia dela eta, askok eta askok espainolez pentsatzen dute. Horregatik idazterakoan maiz euskal estruktura pikutara igortzen dute. “Begiz jo” eta “begitan hartu” nahasten dituzte, “kontu hau beste horri lotu behar diogu” idatzi beharrean, “beste horrekin” idazten dute, edo “mutil nafarrak” (zuzen “nafar mutilak”), edo “astean zehar” (“aste barruan”; sekula ez dute baserritarrek eta gure gurasoek zehar denborari lotu) edo “eske nik esan nion”.
Problema pentsatzean dago. Gero eta gutxiago dira euskaraz pentsatzen dutenak. Zazpi probintzietako baserritarrek eta Azpeitia bezalako herritan bizi direnek euskaraz pentsatzen dute. Horien euskara zinez oso ona da, estruktura errespetatzen dutelako, espainolezko edo frantsesezko hitz piloak sartu arren. Lexiko arrotzak ez dio hizkuntzari kalterik egiten.
Bizkaiera, erdal hitzak erabiltzen dituelako, purista batzuek gutxietsi egin dute. Ez dakite linguistikaz gauza handirik. Bizkaieraren estruktura bikaina da. Non egiten da Eibarren baino euskara hoberik?
Frantsesez pentsatzen duenak ez du sekula alemanez ongi idatziko. Ez eta espainolez pentsatzen duenak euskara zuzena erabiliko. Estrukturan hutsak egingo ditu.
Gotzonek arrazoi osoa du. Nik 37 urte ditut, ikasketak egin eta nire bizitza erdaraz eratu nuen (edo erarazi zidaten?), eta orain dela 2 urte EGA lortu nuen, eta hala eta guztiz ere ez naiz gai euskaraz nire pentsamendua ondo adierazteko. Zergatik? Aldagai askok parte hartzen dute zailtasun honetan, baina nire ustez garrantzitsuenetako bat hauxe da: bizi zaren eremuan zer hizkuntza nagusitzen den. Ni eremu erdaldun batean -oso erdalduna hobeto esanda- bizi naizenez, ia ezinezkoa suertatzen zait euskaldun gisa bizitzea. Eguneroko borroka bihurtzen da eta batzuetan nekez lortzen duzu aurrera jarraitzea eta ikasitakoa eustea etsi gabe. Beraz, nire kezka da nola lortzen den euskalduna izatea eta bizitzea Euskal Herriko eremu erdaldunetan.
Ane 2007-06-03 17:46:45Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa