2007-05-20 -- 2089.zenb
Galdera kezkagarria. Hauteskundeak berriro ere ate joka ditugun honetan, itxaropena eta frustrazioa sentitzen ditugula aldi berean esan genezake. Nahia eta ezina. Victor Hugo izan zela uste dut ondorengoa idatzi zuena: “Txoriek hegoak bezala, arimak ilusioak ditu eta horiek dira bere eusgarri”. Ez ote zaigu antzeko zerbait gertatuko hauteskunde hauetan? Hortik jende askoren galdera: “Botoa eman, zertarako?” Ondorengo aste hauetan gogaitu arte hitz egingo da hauteskundeez. Nik lerro hauek soilik idatzi nahi ditut, gutako askok sentitzen dituen etsipena eta itxaropenaren arrazoiak zertxobait aztertzeko.
Gure gurasoen garaian zapalketa politikoa zen, langileak ezin ziren kexatu ere egin berehala baizuten polizia edo goardia zibila egurra ematen; “gorriak”, langileen eskubideak exijitzen zituzten pertsona haiek, itzalean egon ohi ziren denbora luzez. Gure belaunaldia langabeziaren mamuaren beldur hazi zen, ezagutu izan dugu herri honek urte askotan izan duen langabezi tasarik altuena eta egoera horretan oso gutxi animatzen ziren baldintza hobeak errebindikatzera, “nahikoa dugu lana izanda”.
Orain, berriz, langileak antolatzeko aukera handiagoak daude, eta langabezia murrizten ari da urtez urte, Euskal Herriko zenbait eskualdetan ia desagertu arte. Baina bada gizartea, gazteak batik bat, estuki lotzeko bide berri gehiago. Lana bada, baina sarritan nahiko era kaxkarrean ordainduta; izan ere, gastua, eguneroko bizimoduan egon da aldaketarik handiena azken urteotan.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa