Zubi Zaharreko euskaldun gazteak

  • Enkarterrietara begira jarri dira aurten euskaldun eta euskaltzale asko. Bertan hasi zen aurtengo Korrika eta maiatzaren 20an bertan egingo da Bizkaiko ikastolen Ibilaldia, Balmasedako Zubi Zaharra Ikastolak antolatuta. Enkarterrietako euskaratik barrena, Joseba Agirre hartu dugu solaskide, ikastolako lehendakari historikoa.

    Enkarterri. Bizkaiko mendebaldeko eskualdea. Jaurerriko industrialdeen eta Kantabriako landa zabalen arteko igarobidea. Hiru haran nagusi (Karrantza, Kadagua eta Meatzaldea) eta hamaika herri ditu (Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Artzentales, Balmaseda, Sopuerta, Zalla, Galdames, Gueñes eta Gordexola). Enkarterri ere erbeste ote den ustea du hainbat euskaldunek. Bide seinaleak euskaraz. “Hau Bizkaia da, gero! Hala ere, Balmasedan jarria du jende askok muga, eta alferrik da. Euskaldunok ez ezik, baita erdaldunek ere. Batean, Balmaseda ikusiko duzu, b-z idatzita. Bestean, aurreko horretatik kilometro batera, Valmaseda, v-z, amorruz. Hori da hemengo giroa”, esan digu Agirrek.
Zubi Zahar ikastolako gazteak
Zaldi Ero
Klaretarrak, Gurutzeko alabak

1972an Meñakako seme Felipe Elorriaga izan zen Zubi Zaharra ikastolako buru. 1979ra arte egon zen hura Enkarterrin. Harrezkero, Agirre da ikastolako lehendakari.

Hamahiru umerekin abiatu zen ikastola. Beste herri askotan bezala, elizaren babesa izan zuen. Balmasedan, klaretar fraideak izan ziren tarteko. Gazteentzako apaizgaitegia zuten herrian. “Klaretarrak euskaltzaleak izan dira hemen beti. Haiekin umeei txistua irakasten hasi ginen. Felipe Elorriagak umeen dantza taldea zuzendu zuen eta gure aitak, berriz, haur abesbatza egin zuen. Ikastolaren hazia izan zen hura. Gero, ordea, komentua itxi zuten. Balmasedako apaizgaitegia hutsik geratu zen, ikaslez hutsik. Bertako nagusia euskalduna zen, Aita Zuloaga, Igorrekoa. Eta fraide harixe joan gintzaizkion: 'Hi, zertan daukak komentutzar handi hau hemen! Ikastola egin behar diagu!'. Eta lagundu zigun, etxe hartan sartzen utzita. Lehenengo andereñoa Azkoitikoa izan zen”. Bi eta sei urte bitarteko haurrak hartu zituzten. “Kontuan hartu behar da 60ko hamarkadan Balmasedan sekulako eskaintza zegoela: Gurutzeko alabak, maristak, eskola publikoa, institutua… Gure alde, inork ez zuela sei urtez beherakoentzako eskola eskaintzarik”.

Zirrikitu huraxe baliatu zuten aldi batean. Bost bat urtez, klaretarren etxea eraitsi zuten arte. Orduan, bestelako eraikin bat erosi eta berritu zuten. Bertan iraun zuten 98ra arte, eta urteak joan urteak etorri, eskolaurrea besterik ez zen ikastolan. Geroa, begi bistakoa. “Ikastolan ikasi eta gero, bestelako bide bat hartzen zuten haurrek, gaztelaniaz. Zer edo zer egin behar genuen, baina ez genuen aurrera egiteko modurik. Bakarrik ez, behintzat. Orduan, kolaborazio hitzarmena sinatu genuen Gurutzeko mojekin. Mojek ere bazuten zerbaiten premia. Balmasedako biztanleriak behera egin zuen, gero eta gutxiago… Haurrak ere gutxi, mojak ere gutxi… Horregatik egin genuen hitzarmena: gure umeak haien eskolara igaroko ziren OHO egitera. Ordainetan, euskara ikasgai ezartzea eskatu genien. Eta moja euskaldun bat ekarri zuten horretarako. Astean hiru euskara ordu zituzten. A eredua bezalako zerbait izan zen. Konturatu ginen oso gutxi aurreratzen zutela. Sekulako porrota, baina hasi ginenean ez genekien porrota izango zenik”.

D eredua

1998an aro berria ireki zuen Balmasedako ikastolak. Mojak bakantzen, gerorik ez, eraikina eta lurra saltzeko erabakia hartu zuten. Ikastolak errentan hartu zuen eraikina. Bost urtean, hutsaren truke okupatuko zuen. “Gure baldintza, D eredua ezartzea. Ordainetan, irakasle guztien ordainketaren kargu egin ginen. Egoera berean segitu zuten haiek. Poliki-poliki eman genituen D ereduranzko pausoak. Urterik urte”. Irakasle asko euskaraz gaitzen jardunak ordurako, harrezkero kontratatu zituzten berriak titulazioaren jabe ziren. Balmasedako Zubi Zaharra ikastola, estreinakoz, hamabi urte bitarteko irakastaldia eskaintzeko moduan izan zen. “Eta gaur arte”. Gaur arte? Ez, jakin dudanaren arabera 2003an, eraikina eta lurra erosi zituzten. “900.000 euro, eta nondik atera guk? Euskadiko Kutxa eta BBKren maileguen bitartez. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza batzuen berri izan genuen eta laguntza eskuratu genuen. Eta bateko eta besteko diru-laguntzarekin, obrak egiten hasi ginen. 2006an eraikin zati berria estreinatu genuen. 333 ikasle ditu, gutxi gorabehera”. Herrian, gainera, lehia txikiagoa dute. “Maristek itxi zuten eta eskola publikoa dago. Ez gara oso ondo konpontzen, baina ez guk nahi ez dugulako. Udalarekin primeran konpontzen gara. Diru-laguntza ematen digute. Euskal Herrian udal gutxi dira horrelako diru-laguntza ematen dutenak. A, B eta D ereduak eskaintzen ditu Balmasedako eskola publikoak. Zallakoak, D eredua”.

Sua ez da itzalduko

Iaz, DBH osoa bete zuen ikastolak; 16 urteko ikasleak atera ziren bertatik lehenengo aldiz. Iaz, DBH osoa bete eta, aurten, bikoiztu egin dute Haur Hezkuntzaren lehenengo zikloa. Datorren urtean, Haur Hezkuntzaren bigarren zikloa bikoiztu asmo dute.

Aurten ere, Ibilaldia izango dute Enkarterrin, 2000n bezala. Balmasedan. Bertara begira jarriko du euskaltzale bat baino gehiago. “Begiratu mapari: Euskal Herriaren gorputz adar bat gara. Kantabriak eta Burgosek inguratuta gaude. Lur mutur bat gara, urez inguratuta. Sentimendua, hala ere, abertzalea da, Zallan, Gueñesen, Balmasedan…”. Su horrek irazeki zien eta ez dago itzaliko duenik. Joseba Agirrek berak ez du zalantzarik. “Oso baikorra naiz ikastolaren etorkizunari buruz. Euskarari buruz, esango nuke jendeak gero eta gehiago hitz egiten duela. Gure etxean, adibidez, emazteak nik bezala hitz egiten du euskaraz, txarto.
Seme-alabak, biak dira EGA dutenak. Gazte asko ikastolatik igaro dira. Andereño-irakasle batzuk Balmaseda bertakoak dira eta haien seme-alabak ere euskaldunak dira. Multzo txikia hazten ari da. Zallan egiten dut lan eta gazteek gero eta gehiago dakite euskaraz, ondo jakin ere, ez nik bezala. Nik uste dut hori gorantz doala, bai Balmasedan, bai Zallan, bai Sopuertan… Gazteak gero eta euskaldunago dira, nahiz eta ez duten erabiltzen”. Hori ez dugu kontu berria, ezta Enkarterrikoa bakarrik ere. “Hor dago koxka. Gernikan ere horixe gertatzen da!”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude