2007-05-13 -- 2088.zenb
Indar faktikoak. Alde batetik, bi “lege” mota, biak ala biak partiduen jarduera mugatu eta pertsonen askatasuna murrizten dutenak. Lehenengoa boteretik ezarria, egun Batasuna kaiolatzeko erabiltzen dena eta bihar auskalo. Bigarrena, berriz, ETAk ezarria, areriotzat dituenak jazartzeko, eta besteak baldintzatzeko. Bestetik, inoiz aipatzen ez dena: partidu garrantzitsuenak gatibu dituen botere ekonomikoa. Ez dira hauteskundeetara aurkezten baina aurkezten direnek baino gehiago agintzen dute.
Ez dago zorion perfekturik sortzen duen saririk. Euskadi sariak, Oscar sariak, Max sariak... Gero eta gehiago dira sariak han eta hemen. Era eta kolore askotako sariak: diru sari distiratsuak, sari sentimentalak, muxu kolorekoak hauek, sukalde usainekoak, apasionatuak, ikurrak sari gisa, zilarra, brontzea... Edozer eta edonor izan daiteke saritua. Sariak banatzea egungo gizarte lehiakor eta indibidualistako eguneroko bazka baita. Modu polita artaldea zuzen eramateko, baita artaldeko kideak elkarren aurka jartzeko ere. Ez gara, ez, sariekin ados jartzen. Nola ba, batzuentzat sarigarria dena, beste askorentzat deitoragarria denean? Ez, ez dago guztiok pozez zoratzen jarriko gaituen saririk. Urliarentzat gezurretako saria dena, berendiarentzat hil ala bizikoa, ze, bizitza salbatzen duten sariak ere badaude baina sari zamatsuak ere bai, norbere buruari galdetzea baino ez duzue.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa