2007-05-06 -- 2087.zenb
Dena kaosa denean
zu, mundua, mundua, zu
tarte bat hartu ezazu
eta lurraren gainean
eseri atsedenean,
zure gogoa itzali
betazalekin estali
begiak, sakon arnastu,
mundurik badenik ahaztu
eta begiak irauli.
Dimentsioak apurtu:
espazio infinitu
baten erdian sentitu,
puntu txiki bat bihurtu;
ta ordulari bat urtu
kuartzozko hautsen peskizan.
Ta landare baten gisan,
–hustu zaitez pentsamenduz
kontzientzia mantenduz–
soilik egon eta izan.
Mundua munduz beteta:
mundu batean bi mundu;
batak bestea urrun du.
Ez begiratu tarteka
begi batekin bat eta
bestea bestearekin
–egunak arratsarekin
ezkutaketan dihardu–
batek lo hartu behar du
bestea esnatu dadin.
Hain dira irrazionalak
mundu bateko ateak
ta errealitateak
hain dirudi erreala!
Nola sinistu itzala
dela mundu baten funtsa
dena ilusio hutsa,
–itzal txinatarren saio–
esentziaren garraio
baino ez dela gorputza!
Pasa bazen iragana
helduko bada geroa
lumatu ezazu ego-a
irits ezazu nirvana.
Maldak pausua darama,
hurbildu zaitez astiro...
Ahal duzun goren igo
saiatu Buda bat sortzen
eta ez baduzu lortzen
sortu mundura berriro.
Beste mundua estali
itzuli puntak orratzei
jarraitu zure lorratzei;
berriz, begiak irauli
eta mundura itzuli...
Begi bat ireki ezazu
zu, mundua, mundua, zu
dena kaosa denean...
orain zure barrenean
beste mundu bat daukazu.
Bikaina! Poz izugarria irakurri dugunean meditazioari buruz euskaraz idatzia zerbait. Poz pozik. Zein ondo adierazi duzu 6 bertsotan meditazioa. Meditatzen 15 urte daramat eta ezin hitzetan jarri. Gure Ilargi Yoga Taldeko gelan zure bertsoak zintzilik ditugu denon gozamenerako. Muxu handi bat Hondarribitik. Marije eta Maru.
Marije Zapirain 2007-05-28 17:20:30Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa