Astekaria

 Bestelakoak 

Frantziako presidentzialen karietara

Boz emaileen %80 baino gehiago joan da bozkatzera. Dudarik gabe antzinako presidentzialetan gertatutako inarrosaldiak ondorioa izan du eta hautesleria ohartu da benetako erantzukizuna zuela oraingoan. Eta bat-batean, bozkatuz gero aldaketa nagusi batzuk gertatuko direla sinetsi behar dute. Inondik ere, aldi honetan Royalek lortzen badu ezkerreko boz emaileen sostengua, nahiko lan izango du Bayrouren boz emaileengana iristeko. Ez da baitezpada boz emaile mota bera, ez dituzte helburu ez interes berak. Hain zabala den esparruaren lotzeko, hurbiltzeko ariketa dialektiko oso fina eta, dudarik gabe, azalekoa erabili beharko du Royalek. Ezkerraren oinarrizko etikaren urtzen ikustearen beldurrez, dagoeneko komunistek ezkerreko hizkuntza garbia eskatu diote. Ez du Royalek lehen urratsean horrelakorik erakutsi, lehen lehenik Bayrouren azalpen batzuk hartu baititu kontuan, eta horrek adierazten digu ez duela ezkerreko politika era trinkoan garatzeko asmorik.

Ixabel Etxeberria

Ixabel Etxeberria


2087. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Ixabel Etxebrria
(Gaizka Iroz)

Baina, funtsean, zer aldatuko da guretzat Ipar Euskal Herrian? Zeren hau baita interesatzen zaiguna. Orain arte entzun dugunarekin Sarkozy eta Royalen arteko desberdintasuna zertan datza? Royalek ez du gehiago departamendurik aipatzen, Pays delakorekin nahikoa dela dio, eta euskararen ofizialtasunari buruz, Europako Karta aplikatuko duela. Sarkozyk ez du horrelako kezkarik, ez du iritzi ohargarririk agertu. Haatik, barne ministroa izan den bitartean euskal departamenduaren aldeko diru laguntza eman zuten Herriko Etxeak auzipetu ditu, Laborantza Ganbarak sekulako arazoak ditu frantses administrazioarekin. Maila horretan Royalek eginen duena ez dakigu, sozialistak oso zentralistak dira, aspaldi abertzaleen ondoan ibili baziren ere, aldendu ziren, eta iragan –edota arbel– oso beltza utzi zuten euskal arazoaren inguruan.

Hiru eremu ekonomiko ditugu aipatzeko hauteskundeen bigarren itzulirako. Hasteko, laborantza. Eskakizun argia egiten duena Laborantza Ganbararen bitartez, eta bestalde, gizarte osoa hunkitzen duen ekoizpen transgenikoaren gaia, mahai gainean ezarri dena Lur Berriren okupazioarekin. 1998tik eskuinak transgenikoen ekoizpena onartua du, sozialisten sostengua izan dute okupatzaileek. Arrantzaren eremuan, gure portuak hiltzen ari dira, Frantziak ez du sektore ahul hori babesten. Politikoak isilik eta, noski, turismoa, gure nortasuna ezabatzera bultzatzen duen ekintza ekonomikoa. Euskara karriketatik desagertu ondotik gure izaera desitxuratzen laguntzen duten turista gehiago ekarrarazteko. Hor gurpil zoroa dabil, horretaz presidente gaiek ez dute iritzirik, ez da haien aipagaietan kabitzen, goraipatu duten nortasuna ez baita gurea

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia