2007-05-06 -- 2087.zenb
1937ko martxoak 31. Gasteizko Bakea kaleko kartzelan libre utzi dituzte hamasei lagun. Ondo libre. Bi ibilgailutan sartu eta Lizarrara bidean Azazetan gora abiatu dira. 16. kilometroa agintzen duen mugarria baino lehen geratu dira. Preso “libre” utziak jaitsi arazi dituzte. Abadearekin egin dituzte azken hitzak. Binaka lotu eta mendian barrena ibili dituzte berrehun bat metro iturrira iritsi arte. Han, zuloa eginarazi diete. Tiroka hartu dituzte gero. Hilik dautzate hamaseiak. Azazetan gora. Toki gorde ezkutuan. Bertara ekarri gaitu hildako baten ilobak, haren izen berekoak: Jesus Estrada. “Hementxe asasinatu zituzten”, esan digu, lurra hartuz eskuan…
Zortzi-bederatzi urte daramatzat lan honetan. Ekin nionetik, hainbat ohar ditut bildu eta idatziak. Hasiera hari dagokion bat irakurriko dizut, tankera eman diezaiozun. “Frantzisko Kintana Estibalitzen etxean izan naiz 2000ko apirilaren 19an. Nire lankide baten aita da Frantzisko. Gorpuak non lurperatu zituzten jakin nahi nuela adierazi diot. Berak leku zehatzera eraman ninduen. Frantzisko Kintanak 18 urte zituen sasoi hartan…”.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa