Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-04-29 -- 2086.zenb

Normalizazio politikoaren etorkizuna

Xabier Barandiaran

argazkia

Euskal Herriaren bake bideratzea eta normalizazio politikoa etenaldi garrantzitsuan eta sakonean sartuta dago. Duela hilabete batzuk gizartean bizi genuen esperantza lainotu egin da berriro ere.

ETAk bake prozesua baldintzatu du Euskal Herriaren auzi politikoaren konponbidean. Espainiako Gobernuak ETArekin bukatu nahi du, baina ez dago prest Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko duen gaitasuna aitortzeko. Logika honetan harrapatuta gaude aspaldiko urteetan, baina honek ez du esan nahi bake eta normalizazio politikoa lortzeko baldintzak aldatu ez direnik. Euskal gizartean gauzak asko aldatu dira azken urteetan.

ETAk jarraitu lezake borroka armatua praktikatzen, baina praktika horren eragina politikoki antzua izango da. ETAk duen arazorik nagusiena ez da Espainiako Estatuarekiko gatazka gaindiezina, euskal gizarteak bizkarra eman diola baizik. Euskal gizartea ETA balio politikorik gabe uzten joan da. Deslegitimazio horrek ETAren amaiera politikoa esan nahi du.

Halere, ETArekiko gaitzespen jarrera gorpuzten joan den bitartean beste zerbait ere gertatu da: ETA amaitzeko, eragilerik garrantzitsuena gizartearen beraren babes falta dela ohartu da euskal gizartea. Euskal gizarteak bakearen eta normalizazio politikoaren subjekturik eraginkorrena bera denaren kontzientzia hartu du. Kontzientzia honen etengabeko hedapena da ETAren ziklo politikoari amaiera eman diona.

Euskal gizarteak bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea adieraztearekin batera, erabakitzeko eskubide hori lortzeko bidean subjekturik garrantzitsuena denaren kontzientzia hartu du baita ere. Bake eta normalizazio politikoaren subjektu izaera horren kontzientzia nagusitu egin da. Egoera honetan zerikusi handia izan dute ETAk eta Espainiako Gobernuak herri honi egin dioten ukazioak bakearen eta normalizazio politikoaren alorrean.

Euskal gizarteak bere bidean jarraitu behar du ordea; bakearen alorrean nahiz normalkuntza politikoaren bidean. Ez dira prozesu berdinak baina iturri bera dute: euskal gizartea. Euskal gizartea asko aldatu da urteotan eta honek ere baldintza berriak sortzen ditu. Halere, gizarteak bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko dinamika martxan jarri behar du. Dinamika horren azken fasea gizarteak berak zer nahi duen adieraztea izango da. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek legealdi honetan kontsulta demokratiko bat egiteko ahalegina iragarri du. Kontsulta beraz egin egingo da. Kontsulta horretara bidera gaitzakeen gizarte baldintzak sortzea da abertzaleon erronka politikoa, txikikerietan galdu gabe.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan