Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-04-29 -- 2086.zenb

Landareak

Bigaolekuko artamugarria

Jakoba Errekondo

Artamugarribekoatik ekarriak dira bai sagastiko sagar makatzak eta hauek sestratzeko mentu ugari. Artamugarria edo kortarria edo austarria edo austerretza edo austarritza garai bateko larreak mugatzen zituen mugarria da. Sarobe, biaoleku, bigaoleku, korta, kortaerdia, kortaosoa, saroi, saro, sare, saroe, kaiolar, barrendegi, bustalitza, ola… makina bat izen larre hauen garaiko garrantziaren adierazle.

Larre hauek sail borobilak dira eta artamugarria da erdia, erdian den mugarri handia. Dirudienez hasieran herriarenak ziren sail hauetako bakoitza sendi edo leinu bati bere gozamenerako uzten zitzaion. Jabego pribatuaren hasieratako koska izan daiteke gure herrian. Bertan bazkatzen zuen behikundeak; gerora bordak, txabolak, etxolak, olak, etxaldeak, basetxeak, landatxeak eta baserriak eraiki izan dira.

Sarobea gure azken biren bat mila urtetako kulturaren aztarna garrantzitsuenetakoa izateak besterik ezin azal dezake zein abandonatua, utzietsia eta ahaztua duguna. Hego-hegoko lurralde beroenak kenduta beste edonongo lur zatiren baten aireko argazkia hartu eta ez da zaila sarobe izan direnak topatzea; alferkeriak jota mandrain bazara Astobitzakoa di-da batean idoroko duzu Berriatuako barrutian, Amoroto eta Markina-Xemeinekin duen muga borobil dotorean.

Sarobe gehienak neurri berekoak dira: artamugarritik zazpi oineko (gizabeteko) zazpi braza bete dituen hamabi gorabilako soka bota eta lau, zortzi edo hamasei baztermugarrien barnealdea, hau da hogeitabost golde edo 8,455 ha. Neurtzeko egun erabiltzen dugun sistema hamartarra baino zaharragoa omen den zazpitarra oinarri, bizirik dirauen Neolitoko neurri bakarra omen munduan. Munduko etnomatematikari eta arkeoastronomo aurreratuenak gureari begira eta gu, gilbor, atzeraka, Neolitotik atzera…

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan