2007-04-29 -- 2086.zenb
Euskal Herria paradoxa hutsa dela pentsatzen hasia naiz. Adibidez, Euskal Herriko zazpi probintzia historikoak aldarrikatzen dituen Zazpiak Bat leloak, euskal herritarren %30entzat baino ez du zentzurik; beste horrenbeste dira EAEko hiru lurraldeekin Euskal Herria/País Vasco/Pays Basque hobekien identifikatzen dutenak, Nafarroa eta Iparraldea bazter utzirik. Horrela diosku kaleratu zen Euskal Kultura eta nortasuna XXI. mendearen hasieran izeneko ikerlan soziologikoak. Azken buruan, datu horietan komunitate edo herri bat osatzearen kontzientzia eta eraketa politiko-administratiboa ditugu, aurrez aurre; gemeinschaft versus gesellschaft, nolabait.
Lurraldetasunaren inguruko auzi horrek beste ikuspuntu kontrajarri batzuk agerian uzten dizkigu, era berean: euskaltasun prototipikoko lurraldeak versus Euskal Herri anitzaren aldarrikapenarena, hain zuzen. Izan ere, batetik, EAEko biztanlerien %22rentzat Bizkaia eta Gipuzkoa dira Euskal Herria hobekien definitzen duten lurraldeak eta, Iparraldeko %31rentzat, aldiz, bertako barnealdea (Lapurdiko barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoa). Halako iritziak dituztenentzat, gainontzeko lurraldeek ez omen dute ongi betetzen Euskal Herria tipikoaren eta topikoaren eredua. Non gelditzen dira gure gizartearen egungo aniztasun kulturala eta lekuan lekuko berezitasunak? Amestutako eta begibistako Euskal Herrien arteko norgehiagoka, berriz ote?
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1