2007-04-29 -- 2086.zenb
San Petersburgo, 1905. Errusiako tsarraren seme bakar Alexis Nikolaievichen hemofilia larritzen ari zela eta, tsarinak Grigori Rasputin ekarri arazi zuen Romanov sendiaren jauregira. Anna Viruboba lagunak gomendatu zion tsarraren emazteari Siberiako mistikoaren sendatzeko ahalmenaz baliatzea. Oinordeko gaztearen osasunak berehala egin zuen hobera. Eta Rasputin Romanov dinastiaren azken urteetan eragin handiko pertsona bilakatu zen.
Ikerlari batzuk uste izan dute hipnosia erabiliz lortu zuela Rasputinek Alexis Nikolaievichen osasun egoera hobetzea. Baina “mirakuluaren” arrazoia askoz sinpleagoa da. Rasputinek ez zuen ezertxo ere egin. Sendatzeko bide bakarra otoitza zela uste zuen; horregatik, ez zion haurrari inolako sendagairik eman, eta gorteko medikuen ordu-arteko tratamenduak ere eten zituen.
Jeanne d’Arcen ustezko arrastoak momia egiptoar batenak dira. Hori argitaratu berri du, behintzat, zientzialari talde batek Nature aldizkari britainiarrean. Arrasto horiek XIX. mendean aurkitu zituzten, hain zuzen, historialari frantziarrek Jeanne D’Arc mito nazional bihurtu zuten garaian. Tourseko artzapezpikutzaren egoitzan daude gordeta ordutik, baina eliza katolikoak ez ditu inoiz erlikiatzat hartu ofizialki. Berriki egindako azterketak agerian utzi du Tourseko arrastoak faraoien garaiko momia egiptoar batenak direla. Eta agerian gelditu da fededunek mende eta erdian gurtu dituzten erlikiak ez direla 1431n erreta hil zuten Jeanne D’arc-enak. Gainera, aste gutxian, Frantzian giza arrastoen inguruan azaleratzen den bigarren gezurra da hau. izan ere Louvre museoko arduradunek martxoan jakinarazi zuten ustez Ramses II.aren arrastoak gordetzen zituzten kanopeak olioa dutela barruan.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1