Astekaria

 Liburuak 

Paddy Rekaldek plazaratutako lehen nobela beltza

Irudia

Pilar Iparragirre


2085. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Ragga-ragga dator gaua' liburua

Paddy Rekalde ::Ragga-ragga dator gaua

Susa

orrialdeak ::144

prezioa ::13€

Ipuinak, poesia eta Irlandan kokatutako Rebel mayo colorado eleberria ezagutzen genizkion Paddy Rekalderi, Ragga-ragga dator gaua nobela beltza eskaini zigunerako. Mendeku gosez dabilen boxeolari bat, Bilboko alde zaharra, eta hirian azken orduetan gertaturiko berriak eta kantu behinenak etengabe ematen diharduen Txirene irrati librea ditu kontakizunak protagonista nagusi. Era berean, narrazioaren hedaduran boxeolariaren gaztaroko adiskideek, biziki gorroto duen jauntxo berriak eta honen maltzurkeriaren ondorioz ezagutu dituen Galiziako zenbait pertsona eta bazterrek ere garrantzia handia dute. Lagun min baten bortxazko heriotzak bultzatu zuen Joxan Uriarte Bilbotik Coruñara ihes egitera, eta han ahal zuen moduan bizimodua bilatzera. Boxeo borroka batzuren ondoren, nagusi berri baten eskaerari baietza eman eta haren bizkartzain gisa hasi zen lanean. Aitaren hiletak itzularaziko du Bilbora, iraganean utzitako guztiari aurre egitera. Hiletaren hurrengo egunean aurkituko du irakurleak boxeolaria, ostiral sargori batean, azoka ondoko erriberako barandan bermatua eta itsasadarrari begira, barruko gorrotoak erretzen duen bitartean.

«Istorio laburra baina zuzena da, kaleko giroa bezain sargoritsua»

Zure nobela beltz honen korapiloa osatzen duten nondik norakoak azaltzerik bai?

Joxan Uriarte, boxeolari ohia, Bilbora bueltatzen da aspaldiko kontu zahar bat argitzera. Argitzeak ekarriko du mendekua. Ezinbestean. Arazo politikoek Bilbotik ihes egin beharra eragin zioten, Galiziara, boxeoaren bestelako altzo batera... Horretan emango ditu urteak, negozio beltzen bueltan zein Bibi beltzaranaren laztan epeletan. Hala ere, aspaldiko min batek ez dio bakerik ematen, eta, beraz, itzuli eta hura argitzea ezinbestekoa izango zaio.

Zerk egiten du Ragga-ragga dator gaua berezi?

Istorioa zuzena da, Do The Right Thing edota La Haine izenburuko filmek irauten dutena bezain laburra... eta esango nuke haiexek bezain intentsua eta indartsua ere badela. Saiakera nobeletatik urrunduta, nahita, pasioz jantzita agertu nahi du: amodio ezinak, ausardiak eta koldarkeriak, giro sargoritsua, musika etengabe, Bombita boxeolari frakasatuaren errealismo magikoa, Urbano Lugris margolariaren itsaso debekatu baina asmatua, boxeoaren bestelako kolpeak, Euskal Herri honek jasan behar dituen jauntxokeriak, lagun minaren heriotza...

Eta guztia borobiltzeko osagai gisa, zer du?

Istorioa laburra baina zuzena da, in crescendo doana, kaleko giroa bezain sargoritsua, Txirene irrati libreak jartzen duen ragga musika bezain beroa... Eta musikarekin batera, irrati horrek egun berean ematen dituen bi berri lazgarriak: etorkin haurdun bat itoa itsasadarrean, alde batetik; eta bestetik, preso politiko bat ziegan hilda agertzea... Amodioa eta gorrotoa Joxanen bihotzean. Ukabiletan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza