Astekaria

 Denboraren makina 

Paterak kontrako norantzan

Venezuela, 1949ko maiatza. Kanariar uharteetako 160 etorkin zeramatzan La Elvira belaontzia Carupanoko portura iritsi zen. Horixe dio behintzat Interneten dabilen ustezko egunkari zati honek. Ustezko diogu, e-posta jaso bezain pronto, dokumentua susmagarria dela konturatzea erraza delako. 1949ko egunkarietan ez zen ohikoa letra tipo hori erabiltzea, eta “inmigrante ilegal” terminoa ere ez zegoen gaur bezain zabaldua. Gainera, argazki-oinak horrela dio: “Imagen de los tripulantes de La Elvira a su llegada a Puerto Garupano, Venezuela, en mayo de 1949”. Egunkaria garai hartakoa balitz, zergatik dio 1949ko maiatzean iritsi zela? Gaurko edozein egunkariko argazki-oin batean 2007ko apirila aipatzeak ere ez luke zentzurik. Gainera “Garupano”ra iritsi zirela aipatzen da; testua kopiatu duenak akatsa egin du hor. Argazki-oina kopiatua baita.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2085. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

2005eko abenduaren 10eko El País egunkarian La Elviraren argazki bera agertu zen, eta azpian, e-postaz iritsi zaigun dokumentu faltsuko oina. Badakigu, beraz, dokumentuaren ‘asmatzaileak’ nondik hartu duen argazkiaren azalpena. Eta badakigu, titular faltsuak dioena benetako berri batean dagoela oinarritua.

Etorkinak ez ziren 160, 106 baizik; 95 gizon, hamar emakume eta lau urteko neskato bat, Agencia Comercial Venezuelako egunkariak 1949ko maiatzaren 26ko alean jaso zuenez. Eta guztiak ez ziren kanariarrak; besteak beste, euskaldunen bat ere bazen tartean.

La Elvira 1853ko belaontzi zaharra zen, baina Ramon Redondok dirutza ordaindu zuen harengatik: 225.000 pezeta. Ontzia gainezka egin arte jendez bete eta Amerikara eraman nahi zuen. Bidaiari bakoitzak 6.000 pezeta ordainduko zizkion eta horrela negozio borobila izango zen La Elvirarena. Baina Redondoren teoriak ez ziren praktikan bete. Gehienek Amerikara iristean ordainduko ziotela agindu zioten, gero hitza bete gabe.

La Elvirarentzat ere ez zuen kapitain egokiena aukeratu. Antonio Dominguezek aterako zuen ontzia portutik eta gero lema Elortegi kapitainak hartuko zuen. Baina Elortegik ez zekien ezertxo ere ontziei buruz; Euskal Herritik ihes egin zuen eta, dirurik gabe, gezurra esanez lortu zuen bidaia-txartela.

Azkenean, kostata baina lortu zuten euren helburua, 36 egun itsasoan pasa ondoren, ia jatekorik gabe. Carupanoko biztanleek harrera ona egin omen zieten; behi bat ere hil zuten etorkinen gosea asetzeko.

Mende erdi geroago, Kanariar uharteak etorkinen abiapuntu baino jomuga bihurtu dira. Eta e-postaz iritsi zaigun hemeroteka dokumentu (ez hain) faltsuak, zer memoria historiko gutxi dugun gogorarazi digu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia