Astekaria

 Gaiak 

Anje Duhalde, El Fuego taldeko bateria-jolea

“Ez naiz produktu formatatu bat”

Betikoa da Anje. Gazteleraz, txerriaren prezioa negoziatzeko ikasten zen garaikoa. Gaurkoa, biharkoa. Betiko Anje da. Dylan, Amuriza, eta Brassens uztartu zituena, aho-bizarrak tabakotan erretzen dituena.

Sustrai Colina

Sustrai Colina


2085. alea
0000-00-00
alde 2    kontra 0
Anje Duhalde
(Gaizka Iroz)

Bateria-jole, beraz?

Luzaz gainera. Oraindik askok esaten didate: “hik gitarra bateria bezala jotzen duk, beti eman eta eman”.

Eskerrak musika munduan sartu ahala profesionalagoa izan behar dela!

Ez teknika aldetik bakarrik, baita ikuspuntu sozial batetik ere.

Zer obligazio dakar horrek?

Guztiz koherentea izatea. Inor baino gehiago. Koherente eta koherente.

Eta diskoak promozionatzea.

Promozioak ez zaizkit batere gustatzen. Etengabe ari gara kalean dagoena azaltzen. Produktua hor dago eta kito. Ez luke promoziorik behar.

Ez ezazu promoziorik egin...

Hautu bat da eta hortara noa ni ere. Baina hasiberri batentzat hortik ez pasatzea ezinezkoa da.

Zergatik ez da aipatzen disko baten atzean dagoen lana?

Mediatikoki ez da korrektoa. Ez zaio jendeari interesatzen. Baina lana, noski badela. Handia.

Zure diskoak entzuten dituzunean...

Gauza batzuk entzun eta nire burua gorrotatzen dut.

Amnistiaren dema?

Kantu errealista, helburu izan beharko lukeena, baina pixka bat desfasatua. Hori kantatzen duen jendeak “Presoak Euskal Herrira” aldarrikatzen du kalean.

Horregatik dago txikikeriei kantatzea modan?

Auskalo. Ni ez naiz produktu formatatu bat eta ez dut disko bat nire buruari kantatzeko egiten.

Zeresanik ez duenak isiltzea hobe duela, alegia.

Batzuentzat artista izatea estetika hutsa da. Niretzat ez.

Zer da artista “konprometitu” bat?

Bere inguru hurbil eta orokorrarekin koherentea izan nahi duen pertsona bat, begiak irekiak dituena, ixten dituenean ongi hausnartzeko.

Hori bera omen zara zu. Estereotipo konprometitu hortan eroso?

Oso ongi daramat. Ematen dudan irudia naiz.

“Beti iheska eta otoitzka ibili den herria gara, beti eskean”. Konpromisoa baino zerbait gehiago da hori...

Beti iheska ibili behar dugu ingurumenarekin konfrontazio zuzen bat ez izateko. Beti eske, euskara dela, ikastolak direla... Ez garen herri bat gara.

Ez garen herri honetan, edozein kulturaren funtzionario artista bat baino hobeki bizi da.

Oso injustua da. Hemen artista izatea hein bateraino dago konsideratua. Hautua nirea da. Nahiago dut naizen bezalakoa izan, eskuak eta burua libre, eta koherentziari eutsi.

“Anje, zu iparraldekoa zara, zu desberdina zara”.

Hori gabatxoa edo frantsesa esaten ez didatenean! Gorroto dut baina badakit kondenatua nagoela. Iparraldea eta Hegoaldea hitz hutsak dira.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia