2007-04-22 -- 2085.zenb
Apirileko 22an burutuko dira Frantziako presidentea hautatzeko hauteskundeak. Hamabi hautagai ari dira Eliseo jauregira iristeko lehian. Ez dirudi inork bozen gehiengo osoa lortuko duenik, beraz, bi pasako dira maiatzaren 6ko bigarren itzulira. Nicolas Sarkozy (UMP), Ségolène Royal (PS), François Bayrou (UDF) eta Jean-Marie Le Pen (FN) dira hautagai nagusiak. Normalean Sarkozy izanen da bigarren itzulian, arerioa nor izanen duen argitzeke dago.
Frantziako hego muturrean –Hendaian– bizi da hitz hauen erredaktorea. Hilabeteak dira Estatu honetako presidentea hautatzeko kanpainaren zurrunbiloa sentitzen duela. Kanpaina, era ofizialean, apirilaren 10ean hasi da. Erreportari honek, aldiz, kanpainaren aldaba-hots nagusiena apirilaren 3an sentitu zuen, Jacques Chirac presidentea Baionara etorri zelarik. Estatuburuak, ordurako, Nicolas Sarkozy hautagaiaren sostengu publikoa adierazi zuen. Armadari egindako bisitaldian eta gorazarrean adierazi edota aipatu ez zuena Euskal Herria da. Alabaina, Errepublikako presidentea Euskal Herrian zegoen. Herriak presidentea ezagutzen du, baina presidenteak ez du herria ezagutzen nonbait. Balio bezate sarrerako hitz hauek Frantziako hauteskunde presidentzialak “gurean” kokatzeko, baita gure demokraziaren seaska omen denaren funtsa ulertzeko ere.
“Garenak gara”, hori da behin eta berriz Altsasuko (Nafarroa) Kima Euskara Taldeko kideek esan digutena. Eurak ahalik eta gehien egiten ari dira Altsasun euskara ezagutarazteko eta zabaltzeko, baina gutxi dira eta euren baliabideak mugatuak.
Altsasuko euskarak bizi duen egoeraz jardun aurretik, herria eta inguruak azaltzeak lekua eta bertako egoera ulertzen lagunduko digu. 1984ko urtarrilaren 31n Sakanako hainbat udal elkartu ziren, eskualdeko udal eta kontzeju guztiak bilduko zituen mankomunitatea sortzeko. Gaur egun, honako herri hauek dira Sakanako Mankomunitatea osatzen dutenak: Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Ergoiena, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Irurtzun. Sakana Nafarroako mendebaldean dagoen eskualdea da, Iruñeko merindadean. 305,5 km koadro ditu eta ia 20.000 biztanle bizi dira, horietako %37 euskaldunak –2001eko erroldako datuen arabera–.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa