2007-04-22 -- 2085.zenb
Venezuela, 1949ko maiatza. Kanariar uharteetako 160 etorkin zeramatzan La Elvira belaontzia Carupanoko portura iritsi zen. Horixe dio behintzat Interneten dabilen ustezko egunkari zati honek. Ustezko diogu, e-posta jaso bezain pronto, dokumentua susmagarria dela konturatzea erraza delako. 1949ko egunkarietan ez zen ohikoa letra tipo hori erabiltzea, eta “inmigrante ilegal” terminoa ere ez zegoen gaur bezain zabaldua. Gainera, argazki-oinak horrela dio: “Imagen de los tripulantes de La Elvira a su llegada a Puerto Garupano, Venezuela, en mayo de 1949”. Egunkaria garai hartakoa balitz, zergatik dio 1949ko maiatzean iritsi zela? Gaurko edozein egunkariko argazki-oin batean 2007ko apirila aipatzeak ere ez luke zentzurik. Gainera “Garupano”ra iritsi zirela aipatzen da; testua kopiatu duenak akatsa egin du hor. Argazki-oina kopiatua baita.
Belgikako lehen ministro Guy Verhofstadt-ek ez die herritarrei euren historia ezkutatu nahi. Ezta pasarterik ilun eta deserosoenak ere. Txosten baten bidez ondorioztatu berri dute, II. Mundu Gerran, 25.000 judu Auschwitzera deportatu zituztela Belgikako instituzioen laguntzarekin. Azterketak, gainera, gobernuaz gain herritar askok ere naziekin kolaboratu zutela nabarmentzen du. Lehen ministroak eskolako testuliburuek txostenaren edukiak jaso ditzatela eskatu du.
Esklabotza duela 200 urte abolitu zuten Britainia Handian, 1807ko martxoaren 25ean onartutako lege batez. Europako beste herrialdeek bide bera hartu zuten, geroago, Vienako Kongresuan (1815). Efemerideak polemika berpiztu du: esklaboen ondorengoek ordain ekonomikoa jaso beharko al lukete? Hainbat elkartek Tony Blair lehen ministroari esklabotzagatik barkamena eskatu eta erantzukizuna onartzeko eskatu diote. Oraingoz, Blairrek barkamen moduko adierazpen ez ofiziala baino ez du egin.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa