2007-04-22 -- 2085.zenb
Euskaldunon bigunkeriak ez du parekorik inguruko otsoen artean. Gure hizkuntza defendatzeko egin beharreko ahaleginei buruz ari naiz. Duela gutxi, B eredu deskafeinatu bat aipatu izan da, giza-taldeen desberdintasuna gogora ekarriz. Iparraldean, Errepublikaren izenean, euskara zapaldu izan da Frantziako Iraultzatik gaur arte, inongo lotsa eta begirunerik gabe. Nafarroan ere antzeko zerbait, euskara desagertzeko ahalegin maltzur eta zitalak egin dira eta egiten dira oraindik. Eta beste probintzietan zer pairatu dugu XX. mende osoan?
Euskararen zapalkuntza izugarria, ezer ulertzen ez zuten 5 eta 6 urteko umeen aurrean ere maisu erdaldunak ezarriz. Gaur egun, Espainiako Estatuko konstituzioak gaztelania jakitera behartzen gaitu euskaldunak. Baina Euskal Herriak ezin du inor behartu bere eremuan euskara jakitera. Eta horrela gabiltza, bigunkeriaren gaitzak jota, euskararen ezagutzan eta erabileran aurrerapauso nabarmenik eman ezinik.
Iparraldeko mendiak –hain ederrak, ezta?– aski egoera tristean daude. Pistak eta asfaltoa nonahi; bideetatik kanpoan 4x4 noranahikoek rallyak egiten dituzte eta beren oroigarriak uzten, alimaleko arroilak eta errekak; mazela eta kasko gehienak tipil-pelatuak dira, han hemenka dozena erdiko zuhaitz multzoak, zaharrak denak, beste garaietatik gelditzen diren hondarrak. Soiltzea eta alhagietako gehiegizko bazkatzea aurrera doaz beti, suak larriagotua.
Ecobuage deitzen den lurraren erretze tradizional horrek, batere ekologikorik ez dena bestalde, bortizki jotzen eta keztatzen du, batez ere negu bukaerako hego haizeak laguntzen duenean: ahuntzak ere bazkatuko ez liratekeen pendiz malkorrenak kiskaltzen ditu eta higadurak gehien mehatxatzen dituen tokiak biluzten. Ulertzekoa da: zenbat eta lurrazal handiago belarrean ezar, hainbat eta subentzio gehiago abeltzainei eman, prime à l'herbe sistema trebeari esker.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa