2007-04-08 -- 2083.zenb
Gizon ikusiezina. Duela gutxi, gizarte gaien inguruko solasaldi batean parte hartzen hasi nintzen gaztelerazko irrati batean. Ordutik, senide, lagun, ezagun erdaldun andanak guztiz harriturik esan dit irratian entzun nauela. Bakoitzak bere eufemismoa erabili du, baina oso argi dago finean zer esan didaten: “Kontxo! Egia da! Kazetaria zara! Euskaraz aritzen zinela esaten zenuenean ez genuen erabat sinesten”. Euskaraz ez jakiteagatik zer galtzen duten ikusarazi nahi diegu, baina nekeza da: haientzako ikusiezinak gara, eta, San Tomasek bezala, haiek ikusten dutena besterik ez dute sinesten.
Ama-hizkuntza vs. amaren hizkuntza. Seme-alabei jaio zirenetik euskaraz egiten dieten ama euskaldun-berri batzuei elkarrizketa egin diet. Hori egitea nekeza ote den galdetu diot haietako bati: “Ateratsen sait natural. Es dut egin behar esfuerzo beresia”. Alberto Barandiaranen Mundu txikia liburuko ipuin itzel bezain aztoragarri batekin oroitu naiz. Aita euskaldun berriak euskaraz egiten dion haurraren istorioa kontatzen du. Umeak ez du batere gogoko aitak erabili ohi duen hizkuntz lau, idor, hotza. Eta ikaragarri maite du, aldiz, aitak gutxitan darabilen beste hizkuntz jostari, xamur, bero hori. Gaztelera da nire ama hizkuntza. Neure buruari galdetu diot egunen batean seme-alabarik badut euskaraz ala gazteleraz eginen ote diodan. Neure buruak erantzun dit hori ezin dela galdetu ere egin. Hori tabua dela.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1