Astekaria

 Bestelakoak 

Babelgo dorrea

Txikitatik entzun izan dugu Babelgo dorrearen ipuina. Nonbait lur gainean, hizkuntza bat besterik ez omen zen. Garaiko gizonek denok batera, beraz, proiektu kolosal bakar bati eman zioten hasiera. Dorre bat eraikitzeari, alegia. Zeruraino iritsiko zen dorre bat. Hizkuntza bat, dorre bat, eta helburu bat: Jainkoaren izenean mundua nagusitzea. Jainkoak gizonen proiektu hura ikusiz gero, amorruak hartu eta gizonek eskuartean zuten lan hura zapuztea erabaki zuen, hizkuntzak nahasiz. Geroztik, denak munduan zehar sakabanaturik, bakoitzak bere helburu txikiagoetara jo izango genuen.   Jainkoak ez du nahi nonbait, itzalik egin diezaiokeen norbait edo zerbait bere inguruan.   Ipuin honen benetako esanahia, aldiz, oso ez berdina da. Dorregintzan euren izerdi bero eta oinaze penagarrien artean harriluak egiten ari zirenak, noski, arimarik ez zuen jauntxo batentzat ariko ziren morroi lanean. Izanen baitzen orduan ere, bere burua jainkotzat zeukan botere-gose-ase-ezin zoro deskontrolaturen bat.

Irudia

Antton Egiguren


2083. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
Antton Egiguren
(Dani Blanco)

Gizon jauntxo baten harrokeriazko proiektu honi Jainkoak ezetz borobil bat eman zion. Jainkoak ez zuen hizkuntza bakar bat nahi izan. Areago oraindik, Jainkoak ez zuen jauntxo bakar batentzat bizkarrezurra hausteraino menpeko eta morroi izango zirenen gizarte bat. Horregatik Jainkoak hizkuntzak nahastu eta dorregintzan jardun zutenak mundu zabalean zehar sakabanatu zituen. Ipuin honek azaltzen digun gertakizun hau Jainkoaren zigortzat hartu izan dugu. Ba, ez, alajainkoa! Hizkuntza nahaste hura eta mundu zabalean barna gizonok zabaltzea, onespen bat izan zen: oportunitate bat, erronka bat, proiektu ekintza berri bat. Ipuinaren mezua garbia da: izan zaitezte era askotakoak, erabil itzazue hizkuntza mota asko eta elkar uler zaitezte! Ikas ezazue ezberdintasunean elkarrekin bizitzen. Onar ezazue diferentzia eta bakoitzaren berezitasuna eta poztu zaitezte ahalegin horretan. Ez onartu inolako morrontza motarik, hau ez baita da Jainkoaren nahia.
 
Gauden egoeran globalizazio hitza asko entzuten dugu: mundu zabal honetan herritxo bakar bat bezala omen gera, beraz, berriro ere hizkuntza bakar bat erabiltzera behartzen gaituzte, inperio bat gurtzera, bandera bakar bati muxu ematera... eta pulpitutik entzuten aspertu arte esaten digute: una, santa, grande, por la gracia de… eta Babelgo dorretik erantzuten dio horri Jainkoak: “Ez nire izenean behintzat!”.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia