2007-04-08 -- 2083.zenb
Washington unibertsitateko Michael E. Wysession eta Californiako (AEB) unibertsitateko Jesse Lawrence ikerlariek 600.000 sismogrametako 80.000 uhin aztertu ondoren, gutxienez ozeano artiarren bolumena duen ur eremua topatu dute Asia lurrazpian.
Sismologoek Lurraren barnekoa ezagutzeko orain arte erabiltzen zuten metodoa uhin sismikoen abiaduran oinarritzen zen, baina metodo horrekin ezinezkoa da osagaien eta tenperaturaren aldaketak detektatzea.
Gero eta indar gehiago hartzen ari da Wysessionek erabiltzen duen metodoa, hots, iturriekiko uhinek duten moteltzea ikertzean oinarritzen dena. Hitz arruntekin esanda hona hemen sistema hori ulertzeko balio duen adibidea: mahai baten erdian mailuaz joz gero uhinak ertzetaraino ailegatuko dira, baina ez dira mailuaren inguruan diren bezain indartsuak izango; horrela mahaiaren erdialdean dagoen objektu bat erori egin daiteke, baina ertzean jarrita objektu hori ez da eroriko. Moteltzea eremuaren zurruntasunaren araberakoa izaten da, beraz, ura –edo beste elementuren bat– dagoen adierazi dezake.
Bartzelonako Hospital Clinic erietxea teknika iraultzaile bat ari da probatzen, bularreko minbiziaren kontrako ebakuntza kirurgikoetan. Bi arrazoigatik da iraultzailea: batetik oso tumore txikiak –ez haztapenez ezta begiz ere atzeman ezin direnak– ikusarazten ditu; bestetik, behin tumorea atzemanda, erauzi beharreko ehun zatia lokalizatu eta ondo mugatzeko aukera ere ematen du.
Teknika hori, mundu osoan aitzindaria dena, Valentziako Gem Imaging enpresa teknologikoak garatu eta jarri du martxan. Nahiko tresneria sinplea erabiltzen du gainera: gammakamera bat, kirofanoan atzera eta aurrera erabil daitekeen aparatu eramangarria, ez ia gela osoa hartzen duen tresnatzarra, ohiko aparatuen moduan.
Lepatua edo ez, geure aldamenean den zuhaitzak ez du, jeneralean, etorkizun oparoaren itxaropenari eusteko aukera handirik. Elorrio du, alegia, izan edozein dela ere. Edozein ez eta nor bada ere bai.
Amsterdango Keizersgracht kaleko 188.aren atzeko barlan indigaztaina (Aesculus hippocastanum) ikaragarria bizi da. Ehun eta hirurogeita hamarren bat urte omen ditu. Anne Frankek, naziengandik ihesi, autokartzelako zirrikitutik indigaztaina hauxe zuhaitz ospetsuen zerrendara ekarri zuen. Laster lurra kentzekoa omen diote; onddo eta sits koadrila baten erasoa, bera epaitu eta jo eta eraisteko aitzakia. Anneren eta ez zuhaitz zaharraren historiak jarrai dezan honen klon bat aldatzeko asmoa dute. Egurraren %40 usteldua omen du; arrazoi beraz makina bat garuni erretreta eman beharko genioke…
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa