2007-04-08 -- 2083.zenb
Imuntzo eta Beloki trikiti bikoteak (Azkoitia, 1969/ Zaldibia, 1956) Gauaren helduan CDa kaleratu berri du Elkarren eskutik. Seigarren diskoa osatu dute azken honekin. Hamabost urte joan dira elkarrekin hasi zirenetik. Etxekoengandik musikaren eta bertsoaren sena jaso zuten arren, euren seniderik ez da plazan ari izan iraganean. Imuntzo eta Beloki bikotea bai ordea, gustura ari dira plazaz plaza, tamainan betiere. Aldian dantza askatuan aldian lotuan, eta beti umore onean.
Imuntzo eta Beloki bikoteak trikiti klasikoaren bidean segitzen du plazaz plaza. Azpeitiko San Jose jaialdian jo dute udaberriaren atarian, Ugaon eta Azkainen berriki. Hasia da denboraldia beraientzat: saio motza bada bikote gisa, bestela taldearekin. Ohiko musikariekin ari dira. Maider Ansa kantaria da azken diskoan lagun berria: “Eskaerak badira, berarekin ere plazan aritzeko prest gaude” dioskute. Disko berri honen letra gehienak Belokik idatziak dira, Andolin Eguzkitzaren eta Amets Arzallusen letra bana ere badira. Doinuen moldaketak berriz, Imuntzoren eskutik datoz.
Artista gazteek euren lanak erakusteko lanak izaten dituzte. Galerietako ateak jo eta baietza jasotzea ez da erraza izaten ordea. Donostian gune berri bat sortu dute, pertsona hauei lehenengo aukera hori emateko.
“Pase sin llamar”. Horixe irakurri dugu MKM arte guneko atean. Ireki dugu atea eta galeria batean sartu garela iruditu zaigu, baina ez, elkarrizketa hasi baino lehen hori argi utzi nahi izan digute. “Hau ez da galeria, hau arte gunea da”.
Galeria hitzari beldur handia diote artista hasiberriek eta ez dute halakorik eragin nahi. Hain justu, kontrakoa bilatzen dute. Edozeinek paratu dezake bere erakusketa hemen.
MKM 80 metro koadro dira. Espazio horretan sartzen den arte guztia, bi astez erakusgai jarri dezakegu. Gune irekia da, ez dute inolako baldintzarik jartzen.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa