2007-04-08 -- 2083.zenb
Suitza, 1907. Absenta debekatu zuten likore horren jaioterrian. Neurri bera ezarriko zuten gero Italian eta AEBetan. Eta, azkenik, Frantziara 1915ean iritsi zen debekua.
XVIII. mendean Pierre Ordinaire mediku frantziarra Suitzako monasterio batera iritsi zen eta bertan sendatzeko hainbat edabe egin zituen. Horien artean, asentsio-belarrean oinarritutako elixir de absinthe. Diotenez, Ordinaire hil zenean, neskameari utzi zion errezeta. Honek Henriod ahizpei utzi zien gero formula, eta bi ahizpek, azkenik, Dubied izeneko gizon bati saldu omen zioten errezeta 1797an. Dubiedek, bere suhi Henri-Louis Pernod-ekin batera, lehen absenta fabrika sortu zuen: Pernod likore-destilategia jaio zen.
Domus aurea berriro bisita daiteke Aste Santu honetan. Baina Neronek Erroman eraiki arazi zuen etxera sartu nahi duenak kaskoa jantzi beharko du. Eraikina egoera kaxkarrean dago aspaldian, hezetasun arazoak direla eta. Dena den, arduradunek berritze lanak amaitu baino lehen ateak berriro irekitzea erabaki dute, turistentzat arriskutsua izan badaiteke ere.
Leongo katedrala bisitatu nahi duenak ere kaskoa jantzi beharko luke, berriki bi gargola jauzi baitira XIII. mendeko hareharrizko fatxadatik. Datozen sei urteetan instituzioek 11 milioi eta erdi euro aurreikusi dituzte berritze lanetarako. Baina, adituen esanetan, kopuru hori ez da nahikoa, eta erakundeek ahalegin handiagoa egin beharko lukete gotikoaren harribitxia luzaroan egoera onean gorde nahi badute.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa