2007-04-08 -- 2083.zenb
Zuzenbidezko arrazoien artean, arrazoi humanitarioak argudiatuz erabaki dute Iñaki De Juana Euskal Herriratzea. 12 hilabeteotako gai krudela izan da presoarena. Harrigarria da hori esatea 177 eguneko baraua ondoren, lehenago kontrakoa argudiatuta. Tamainako krudelkeriari emandako irteera, humanismoz janztea. Harrigarria, Gobernuaren irizpideak dituen fiskaltzak Auzitegi Gorenaren (AG) hiru urteko espetxe zigorrarekin bat egitea, prozedura hasteko 96 urte eskatu zuenean. Auzitegi Nazionaleko auzian, lehen baraua utzi berri zuela, presoa zutik deklaratzen eta saioa luzatzen zela ikustean, erredentzioak kendu zizkion epaileak bere egoera fisikoarekin kezka zuela aitortu zidaneko humanismo bera.
Politikaren zurrunbiloan dira presoak eta espetxe politika. Gobernuek enfrentamenduaren gakoetan dute kokatua, irteera humanoa aipatu duen interbentzio berberean “terrorismoaren kontrako borrokan espetxe politika arma boteretsua” dela oso argi aitortu du Rubalcabak. Lege demokratikoen aplikazioa baino lege babes duten unean uneko interesen menpe, salbuespen eta eskubide urraketaz betea.
Txikitatik entzun izan dugu Babelgo dorrearen ipuina. Nonbait lur gainean, hizkuntza bat besterik ez omen zen. Garaiko gizonek denok batera, beraz, proiektu kolosal bakar bati eman zioten hasiera. Dorre bat eraikitzeari, alegia. Zeruraino iritsiko zen dorre bat. Hizkuntza bat, dorre bat, eta helburu bat: Jainkoaren izenean mundua nagusitzea. Jainkoak gizonen proiektu hura ikusiz gero, amorruak hartu eta gizonek eskuartean zuten lan hura zapuztea erabaki zuen, hizkuntzak nahasiz. Geroztik, denak munduan zehar sakabanaturik, bakoitzak bere helburu txikiagoetara jo izango genuen.
Jainkoak ez du nahi nonbait, itzalik egin diezaiokeen norbait edo zerbait bere inguruan.
Ipuin honen benetako esanahia, aldiz, oso ez berdina da. Dorregintzan euren izerdi bero eta oinaze penagarrien artean harriluak egiten ari zirenak, noski, arimarik ez zuen jauntxo batentzat ariko ziren morroi lanean. Izanen baitzen orduan ere, bere burua jainkotzat zeukan botere-gose-ase-ezin zoro deskontrolaturen bat.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa