2007-04-08 -- 2083.zenb
Hainbat lagunek duten ospea, gure inguru honetan, ulertzen zaila egiten zaigu: ez izaera berezirik, ez ohiko jarduera ekarpen originalik, ez emaitza garrantzitsurik. Baina horietako bat jendez betetako areto edo leku batera, zabal eta harro agertzen denean, ezinbestekoa egiten zaizu beregan erreparatzea. Sarrera horrekin batera, berehalako ahopeko zurrumurru horiek –ezagutu dun?– “nabarmendu-beharreko” su horri hauspo emanez. Eta ez naiz ari “arrosa” kolorez tindatu dizkiguten aurpegiez soilik.
Ez da hau Malenen jarrera. Biok oso gazte ginenetik ezagutzen dugu elkar, eta berak ezin izan du inoiz jasan inon nabarmentzerik, ezta kanpotik ñimiñoa zirudien arrazoirik ontzat hartu ere, edonora bildutakoon begirada berezirik sorrarazteko. Hau irakurtzen duzuenek ez duzue jakinen zein den Malen –Arrasateko jendeak salbu–, baina hemen askok ezagutu eta batzuek miresten dugu, horretarako hamaika mila arrazoirik baita, lerro hauek baino askoz gehiago idazteko ere, bere portaeraren inguruan: laurogei eta laurogeita hamarretako urte –ilun?– haietan, arazoren bat zuen emakumeak bazekien zeinengana jo laguntza eske. Hor zen gure Malen, beti prest, arriskurik izan zezakeenik pentsatu gabe ere. Eta hemen darrai oraindik, Goiena inguruko emakumeon bilguneak mantenduz, eutsiz, bultzatuz, besteak beste. Beti nekaezin.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa