Astekaria

 Liburuak 

Idazle gazte baten zazpi kontakizun indartsu

Irudia

Pilar Iparragirre


2081. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Sua falta zaigu' liburua

Katixa Agirre ::Sua falta zaigu

Elkar

orrialdeak ::180

prezioa ::13,90€

Harreman asimetriko samarrak eta korapilotsuak islatzen ditu Katixa Agirre Miguélezek (Gasteiz, 1981) bere aurreneko liburuan. Zazpi kontakizun kaleratu ditu eta istorio horietako baten titulua dauka liburuak izenburutzat, Sua falta zaigu izenekoa. Nerabezaroko desengainuak eta munduak zerbait zor digula sentitzea agertzen dira ipuin horretan. Bihotzondo desatsegin horiek heldutasunean ere geure gainean jarraitzen dute, norbaitek kale egiten digunean, edo guk geuk norbaiti huts egin diogula sumatzen dugunean. Eta arazo horiez guztiez mintzo da Katixa Agirre bere aurreneko lanean azaldutako zazpi ipuinetan: bai haurtzaroan lagun min izandakoarekin gerora harremanak nola hozten diren agertzerakoan, bai besteekiko izan dezakegun estimuaren ahuldadea islatzerakoan, edo harremanik sutsuenak eragin dezakeen amorrazioaren gradua azaltzerakoan. Katixa Agirrek Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Leioan eta gidoigintza Madrilen. Lehiaketa bateko erredaktore telebistan, bideo-jokoetako gidoilari eta enkarguzko biografien idazle izan da. Gaur egun doktoretza egiten ari da EHUn, Lolita pertsonaiaren bilakaerari buruzko tesi batekin.

«Literaturan promiskuitatearen aldekoa naiz erabat»

Zer aurkituko du zure liburuaren irakurleak?

Ipuin gehienak gutxi-asko hemengo jendeari buruzkoak dira, gaur egun edo lehenaldi hurbilean kokatuak; baina bada bat, Festa gonbidatuak, aski diferentea. Diferentea arrazoi zirkunstantzialengatik. Patricia Highsmith-en maitale baten memoria-liburua irakurtzen ari nintzela otu zitzaidan. Liburu horretan autoreak Highsmithekin bizi izandako bi urte deskribatzen ditu, Pensilvaniako herrixka urrun batera bizitzera joan zirenekoak. Beraz, ipuina ere Pensilvanian kokatuta dago, 60ko hamarkadaren hasieran, baina ez naiz gehiegi gelditzen garai eta leku hori deskribatzen, pertsonaiak eta haien arteko harremanak dira funtsa. Kasu honetan, beste ipuinetan bezala, harreman asimetriko samar bat, konplikatua, interesgarria.

Ipuinez gain, beste literatur generoetan ahalegindu al zara?

Literaturari dagokionez promiskuitatearen aldekoa naiz erabat: guztia probatu nahiko nuke, nobelagintza, saiakera, antzerkigintza... Kontua da, momentu honetan, burura etortzen zaizkidan ideientzako ipuina dela forma naturalena. Hala iruditzen zait, eta ez ditut gauzak gehiegi bortxatu nahi.

Ironia askotxo dago zure narrazioetan. Arrazoia?

Umoreari izugarrizko garrantzia ematen diot, bizitzako arlo guztietan. Umorerik gabeko pertsonekin ez naiz ondo konpontzen. Eta ironiarik gabe zer egingo genuke? Ironiak erlatibizatzeko aukera ematen digu, geure buruaz eta inguratzen gaituenaz apur bat barre egiteko. Eta eskerrak, bestela nola jasan inguratzen gaituen petralkeria guztia?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza