Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-03-25 -- 2081.zenb

Energia nuklearraren eztabaida pil-pilean

artikulu nagusira itzuli
Txaber Lezamiz: Energia iturrien inguruko politika
argazkia


Energia iturrien inguruko irizpideak zehazteko garaian, Eusko Legebiltzarrak EAEko energia estrategia diseinatzeko emandako jarraibideak hartzen dira oinarritzat. Bi jarraibide nagusi daude: baliabide berriztagarrien erabilera hobetzea eta erregai arruntetatik garbienak bultzatzea.
 
Lurralde bateko energia beharrei erantzuteko dauden aukerak aztertzeko garaian hainbat eratako irizpideak egoten dira, eta irizpide horiek guztiak uztartu egin behar dira gizarteari ahalik eta onura handiena ematearren. Hona aintzat hartu beharreko irizpide garrantzitsuenak: energiaren erabilera zentzuzkoa, energia eskuragarri egotea, energiarekiko mendekotasuna, hornikuntzaren segurtasuna, hornikuntzaren kalitatea eta energiaren erabilerak gizartean, ekonomian eta ingurumenean eragindako ondorioak.
 
Oinarrizko energia eskariari erantzuteko baliabide hauek ditugu: energia berriztagarriak, fosilak eta nuklearrak. Energia fosilak eta nuklearra ez dira berriztagarriak, haien erreserbak mugatuak direlako. Energia fosilen iturri nagusiak ikatza, petrolioa eta gas naturala dira. Etorkizunean agortuko direla dirudien arren, Txinaren, Indiaren eta haiek bezala gorantz doazen gainerako herrialdeen eskariaren hazkunde erritmoaren ondorioz nagusiki, oraingoz energia tradizionalak (ikatza, petrolioa eta gas naturala) eskuragarri ditugu munduan, nahiz eta alde handia egon herrialde batetik bestera. Erregai fosilen erreserba frogatuei buruz egindako ikerlanen arabera, egungo kontsumo erritmoarekin jarraituz gero, ikatz erreserbak 220 urtetan agortuko lirateke, petrolioarenak 40 urtetan eta gas naturalarenak 60 urtetan. Hori miaketak eta ustiapena egiteko teknologia berrien bidez lortu litezkeen erreserba berriak kontuan hartu gabe.
 
Energiarekiko mendekotasuna neurtzeko garaian, energia baliabidea barne mailan zenbateraino dagoen eskuragarri aztertzen da, eta horrek gai kontigentzialekin du zerikusia. Ikatza erabiltzeari uko egitea eta haren ordez beste erregai fosil batzuk –gas naturala gehienbat– erabiltzea da Europako zenbait herritan Kyotoko konpromisoak betetzeko lantzen ari diren politika nagusia. Petrolioaren deribatuek energia kontsumoaren zati garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen dute, bai Europan bai mundu osoan ere.
Epe luzera, gure energia baliabideak energia berriztagarrietatik atera beharko ditugu, iturri agortezinak direlako. Herrialde garatuetan energia berriztagarri batzuk edo beste bultzatzen dira baliabide horien eskuragarritasunaren eta herrialde bakoitzaren estrategien arabera. Lehen mailako energiaren %12 iturri berriztagarrietatik lortzeko helburua du Europar Batasunak, 2010erako. EBko arteztarauei jarraiki, garraioan energia berriztagarriak erabili behar dira erregai fosilen ordez, 2005erako bio-erregaien gutxieneko kopuruak %2koa izan beharko du, eta kopuru horrek handituz joan beharko du 2010erako %5,75era iritsi arte. Garraioan erabiltzen den energia kopuru handiaren ondorioz, erregai fosilen ordez erregai berriztagarriak erabiltzeko edozein neurri aukera tekniko-ekonomikoen mende egongo da beti.
 
Hidrogenoa ere energia elektrikoaren antzeko energia bektorea dela izan behar dugu kontuan. Garraioan eta beste sektoreetan, erregai pilen eta antzeko prozeduren bidez hidrogenoa erabiliz ingurumenari egiten zaion onura hidrogeno hori sortzeko moduaren araberakoa izango da beti, eta lehen mailako energia iturrietako bat erabili beharko da, beraz. Energia berriztagarrien soberakinak dituzten herriek bakarrik erabaki lezakete hidrogenoa sortzea, soberakin horiek aprobetxatzeko aukera gisa.
 
EAEko estrategian aurreikusten den egoeran, oso neurri aktiboak ezartzen dira energiaren inguruan, eta 2000. eta 2010. urteak alderatuta ikusten da egiturazko aldaketa handia egongo litzatekeela EAEko energia hornikuntzan, ikatzak, petrolioaren deribatuek eta elektrizitate inportazioak pisua galduko bailukete nabarmen, energia berriztagarrien eta gas naturalaren alde, azken hori izanik erregai fosilen arteko garbiena. Halaber, aurreikuspen horretan, petrolioarekiko mendekotasun gero eta handiagoa izateko joera aldatu liteke, 2000ko %50etik 2010erako %36ra jaitsiz, egungo joerari eutsiz gero lortuko genukeen %56ren ordez. Energia berriztagarrien bidez 977.800 tona petrolio baliokideko aprobetxamendura iritsi nahi dugu 2010erako, hots, EAEko energia beharren %12ra –2000n 263.000 tona petrolio baliokidekoa izan zen–. Horretarako, 714.500 tona petrolio baliokide gehiago gehitu nahi ditugu 2001-2010 urteen bitartean, aprobetxatutako baliabideen maila hirukoiztuz. 2010erako 1.000 MW elektrizitate sortzeko jatorri berriztagarriko iturrien erabilera handitzea da xedea.
 
Europan sortzen den elektrizitatea iturri hauetatik dator: energia nuklearra (%35), erregai solidoak (%27), gas naturala (%16), energia hidroelektrikoa eta bestelako energia berriztagarriak (%15) eta petrolioaren deribatuak (%8). Horiexek dira gaur egungo elektrizitate eskariari erantzuteko dauzkagun bide nagusiak. Hiru joera nagusi ditugu gaur egun Europar Batasunaren barruan: zentral nuklear berririk ez sortzea, betiko ikatz eta fuel-olio zentralak gas naturaleko ziklo konbinatuko zentralengatik ordezkatzea eta energia eolikoa bultzatzea. EBk energia elektrikoaren %22 iturri berriztagarrietatik sortua izatea nahi du 2010erako, eta herrialde bakoitzean helburu zehatzak finkatu dira, eskura dituzten baliabideen arabera.
 
Elektrizitatea sortzeko hainbat sistemaren bizi zikloaren inguruan egindako ikerketetan ikusi denez, zentral minihidraulikoak eta energia eolikoko instalazioak dira inpakturik txikiena eragiten dutenak, eta erregai fosilak (ikatza, fuel-olioa) erabiltzen duten sistema klasikoak, berriz, inpaktu handiena eragiten dutenak, beren CO2 isurketa handiekin berotegi efektua sortu eta lurra azidotzen dutelako, sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoak isurtzean eragindako euri azidoaren bidez. Horrekin batera, metal astunak isurtzen dituzte eta ingurumena aldarazten dute, erregaiak ateratzeko, garraiatzeko eta eraldatzeko prozesuen bitartez. Gas naturalak, erregai fosila izan arren, ikatzak eta petrolioaren deribatuek baino inpaktu txikiagoa eragiten du, berotegi efektuko gas eta lurra azidotzen duten gai askoz gutxiago isurtzen dituelako. Energia nuklearraren inpaktuak, bestalde, hauek dira: erradiazio ionizatzaileek eragindakoak eta hondakinek eragin litzaketen arriskuei lotutakoak. Onura nagusia, aldiz, eguratsera berotegi efektuko gas eta bestelako gas kutsatzaile gutxi-gutxi isurtzen dituela. Energia berriztagarrien artean, fotovoltaikoa da inpaktu handiena duena, hondakinak sortzen dituzten material aurreratuak erabiltzen dituelako eta energia handia kontsumitzen duelako. Aztertu ditugun elektrizitate iturrien artean, inpakturik gutxien sortzen dutenak energia eolikoa eta hidroelektrikoa dira.
 
Elektrizitate ekoizpenari dagokionez, EAErako energia politika Euskadiko Energia Estrategia 2010 izenekoan zehaztua dago. Neurri hauek jasotzen dira bertan: elektrizitate eskaintza eskarira egokitzea, energia aurrezteko programa orokorrak bultzatuz –energia elektrikoa aurreztekoak bereziki– eta energia berriztagarrien bidezko ekoizpena eta ekoizpen bateratua ahalik eta gehien bultzatuz –eskariaren %30ari erantzuteko–; gainerakoa (%70) gas naturaleko ziklo konbinatuko teknologia erabiltzen duten instalazioen bidez ematea, horixe baita, erregai fosilak erabiltzen dituzten teknologien artean, gaur egun eraginkortasun, lehiakortasun eta segurtasun handiena duena eta ingurumen inpakturik txikiena eragiten duena. Horrenbestez, energia nuklearra ez da sartzen EAEko energia politikan.
 
3E-2010 Estrategia garatzeko eta aurreikusitako helburuak lortzeko, 2001-2010 urteen bitartean 4.900 M€ko inbertsioak egin beharko dira energia sektorean: 1.710 M€ energia aurrezteko eta energia berriztagarriak erabiltzeko instalazio berriak egiteko, 2.040 M€ azpiegitura elektrikoak eta energia sortzeko parkea berritzeko, 545 M€ gas naturalean inbertitzeko, 490 M€ petrolio produktuen instalazioetarako eta 115 M€ hidrokarburoetarako.

*Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien zuzendaria. Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

Erantzunak

oso interesgarria

ni 2008-02-17 19:49:47

ba niri ez zait gustatu

zu 2008-02-17 19:50:52

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan