Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-03-25 -- 2081.zenb

Energia nuklearraren eztabaida pil-pilean

artikulu nagusira itzuli
José Allende: Atomoaren gerrarako erabilerak
argazkia


Iran eragiten ari den auzi nuklearrak lotura arriskutsuak atera ditu argitara; izan ere, agerian utzi du banaketa ahula dagoela atomoaren erabilera “baketsu” izenekoen eta energia nuklearraren gerra erabileren artean. Ondorioz, kinka larrian geratu da “petrolioaren krisia eta klima aldaketa” daudela-eta energia nuklearra bultzatzeko hainbatek egin duen ahalegina. Oso lotura arriskutsua sumatzen da armamentu nuklearraren, energia nuklearraren eta nazioarteko politikaren ugaritze horizontalean.
 
Gatazka handia sortu da Irango auzi nuklearra zinismoz agertzeagatik, eta horrek guztiak gordintasunez jartzen du agerian energia nuklearraren alternatibaren atzean dauden arriskuen zati garrantzitsu bat. Hain zuzen, nabarmen geratu da lotura teknologiko erraza dagoela atomoaren gerrarako erabileren eta erabilera “baketsu” izenekoen artean. Horrez gain, ziklo nuklear guztiak sabotajerako eta terrorismorako indar ikaragarria du.
 
Bestalde, iritzi publikoari ez zaio ezkutatu behar plutonioa eta uranio oso aberastua edo uranio-233a material fisionagarriak direla; hau da, arma nuklearrak ekoizteko erabil daitezkeela. Hain zuzen, material horiek batera edo bestera gaur egungo erreaktoreetan energia elektrikoa lortzeko erabiltzen den teknologia nuklearreko zikloan erabilitako prozesuetatik ateratzen dira. Gainera, horrek baino gehiago arduratu beharko gintuzke beste arazo honek: “nuklearrera itzultzeko” ahaleginean, oraingo erreaktore nuklearrak ugaritzen badira berehala garestituko da oinarrizko lehengaia, uranio 235a. Uranio 235 gutxi egotearen eraginez, beste fisio-teknologia bat erabili beharko genuke, eta kontsumitutako plutonioa baino gehiago sortuko lukete erreaktoreek –breader edo erreaktore sorgailuek–. Erreaktore horiek oraingoak baino askoz arriskutsuagotzat hartzen dira. Planetan segurtasun eza eta arrisku handiagoa egongo litzateke; izan ere, plutonio 239 erregaia berehala erabil daiteke arma nuklearrak egiteko. Hans Bethe fisikari nuklear ospetsuaren arabera, “segurtasun-arazo askoz handiagoak ditu breader erreaktoreak, erreaktore atomiko klasikoek baino”. Egoera, beraz, guztiz atsekabegarria da. Buruan zuhurtzia hori dugula bakarrik azter dezakegu Irango programa nuklearrak nazioartean sortu duen “gatazkaren” garrantzia, hein batean guztiz gatazka zilegia. Auziak zalantzan jartzen du energia-alternatiba gisa erreaktore nuklearrak hainbeste ugaritzea.
 
Ofizialki arma nuklearrak dituzten herrialdeek –AEBek, Errusiak, Frantziak, Ingalaterrak, Pakistanek, Txinak, Ipar Koreak, Indiak eta Israelek– ez dute “esklusiba”, eta duela urte askotatik egiaztatzen ari dira lotura estu eta gaiztoa dagoela atomoaren gerrarako erabileren eta erabilera baketsuen artean. AEBek Hiroshiman eta Nagasakin (1945) armen ibilbidea hasi zutenetik, gero eta herrialde gehiago sartu dira “elkarte nuklear” makabro horretan. Ez dago armak desnuklearizatzeko alde bakarreko politika zehatzik, nahiz eta hori bultzatu eta sustatu beharko luketen Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak eta NBEk. Hori dela-eta, logikoa da inork zilegitasunik ez izatea ikerketa nuklearra galarazteko eta gero eta herrialde gehiagori arma nuklearrak lortzea debekatzeko, are eta gutxiago indarkeriaren bidez lortzen badituzte.
 
Teknologia nuklear “baketsua” arma nuklearrak lortzeko ate nagusia da. Bestalde, planetako herrialde bakar batek ere ezin du amestu energia nuklearra estentsiboki sustatzea, eta berak kontrolatzea ziklo nuklearraren prozedurak. Hain zuzen, prozedura horiek aberasten dute erreaktoreen erregai gisa erabiltzen den uranioa, eta erabilitako erregaia birprozesatzen dute. Horrela, plutonio 239a lortzen dute, material fisionagarria. Ziklo nuklearraren bi fase erabakigarri horiek –aberastea eta birprozesatzea– oso herrialde gutxiren esku daude. Herrialde batek energia nuklearraren alternatiba sustatu nahi badu bere programan, argi dago ez duela besteren mende egon nahiko erreaktoreetarako erregaia lortzeko etapa erabakigarrietan, ez eta hondakinak birprozesatzeko garaian ere. Hain zuzen, hondakinak birprozesatzean, plutonio 239 material fisionagarria sortzen da, breader erreaktoreetarako 2. belaunaldiko erregaia eta arma nuklearrak zuzenean sortzeko material erabilgarria.
 
Energia nuklearra sustatu nahi bada, energia iturri hori erabiliko duten herrialdeek ziklo nuklearraren fase guztiak eduki nahiko dituzte, logikoki, erabilera zibil eta militarrak barne, mendekotasunik eta ahultasunik ez izateko. Norbait galarazten saiatuz gero, galdera hau egingo diote beren buruari: zergatik izan ditzakete AEBek, Frantziak, Indiak, Pakistanek, Errusiak, Ingalaterrak, Txinak, Israelek eta Ipar Koreak ziklo nuklearraren fase kritikoak eta arma nuklearrak, eta ez, aldiz, planetako gainerako herrialdeek?
 
Egia esateko, ez dago inolako ziurtasunik Teheranek uranioa helburu militarrekin aberasten duela esateko... baina, hala egiten ariko balitz, zergatik izan ditzakete arma nuklearrak Israelek eta Ipar Koreak esaterako, eta ez Iranek? Indarkeriaren bidez, inork erabaki al dezake nork egin ditzakeen ikerketak prozesu nuklearretan eta nork izan dezakeen material fisionagarria eta nork ez? Zergatik ezin ditzakete Iranek, Argentinak, Brasilek, Vietnamek, Hegoafrikak, Espainiak… erreaktore nuklearretan erabilitako erregaia aberasteko, tratatzeko eta birprozesatzeko ikerketa nuklearrak egin? Planetako herritarrek beldur handiagoa al diote Iranek atomoa gerrarako erabiltzeari, AEBen edo Israelen erabilera militarrari baino?
 
Ezin da, alde batetik energia nuklearra sustatu, eta bestetik herrialde gutxi batzuek kontrolatu ziklo nuklearraren fase erabakigarriak. Iranen eztabaida nuklearrak agerian utzi du arrazoi hori eta horregatik, ez dirudi bideragarria izango denik energia nuklearra hedatzea, arma nuklearrak horizontalean ugaritu gabe.
 
“Elkarte nuklearra” osatzen duten herrialdeen zinismoa ez da onargarria; izan ere, etengabe egiten diote uko alde bakarreko desnuklearizazioari, nahiz eta hori izan arma nuklearrik gabeko mundu amestua lortzeko ezinbesteko lehen urratsa.
 
Argi dago, beraz, atomoaren gerrarako erabilera eta erabilera “baketsua” (zentral nuklearrak) bi alderdi paralelo direla, eta mendekotasun arriskutsua dutela, indarra ematen diotela elkarri. Zenbat eta zentral nuklear gehiago egon, orduan eta arrisku handiagoa dago horizontalean arma nuklearrak ugaritzeko, ustekabeko edo eragindako istripuetan hondamendiak sortzeko, sabotajeak izateko, terrorismoa egoteko... Has dadila eztabaida.

* EHUko Ekonomia Aplikatuko katedraduna

Erantzunak

oso interesgarria

ni 2008-02-17 19:49:47

ba niri ez zait gustatu

zu 2008-02-17 19:50:52

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan