2007-03-25 -- 2081.zenb
Gaur egungo energia krisia –Europar Batasuneko erakundeek ere onartzen dutena– askoz nabarmenagoa izango da petrolio muga gainditzen dugunean. Aurki gertatuko da hori, 2010 urtea baino lehen, ziurrenik, eta energia nuklearra berriz ere suspertzeko abagune egokia sortuko da orduan. Energia horren aldekoak une hori noiz iritsiko zain eman dituzte joan deneko bi hamarkadak, Txernobilgo istripuak energia atomikoaren alderdirik txarrena erakutsi zuenetik (berez, askoz okerragoa izan zitekeena, gainera).
Era berean, pentsatzekoa da energia iturri arriskutsu horren sustatzaile nagusia, estatua, izango dela Europa berriz nuklearraren bidetik joateko planen aurkako oposizioak bete beharreko baldintzak finkatuko dituena. Hala, kazetari eta adituek esango digute bortizkeria ez dela bidezkoa eta aurkako jarrerarik adieraztekotan joko demokratikoaren baldintzak bete behar direla, eta abar. Aldarrikapen horiek guztiak arrazoibide bakar batean oinarritzen dira, noski, arrazoibide zeharo gezurrezko batean, gainera: zentral nuklearren aurka daudenek indarra erabiltzea anomalia bat dela eta horrek gizartearen funtzionamendu normala zeharo eteten duela. Alegia, indarkeri antinuklearra oskarbi dagoenean jotako tximista baten modukoa dela.
Baina zentral nuklearrak egote hutsa iraganeko beste inongo gizartek inoiz ezagutu ez duen moduko indarkeria izugarria da, berez. Mehatxu atomiko txit demokratikoa herritar guzti-guztiei zuzentzen zaie, agintariak barne. Hondamendi batek eragindako euri erradioaktiboak ez ditu biktimak bereiziko, industriaren ondorio kaltegarrien eraginez –energia nuklearrak nabarmen areagotzen dituena– mundu osoan handituz doan minbiziak ere bereizketarik egiten ez duen bezalaxe. Izan ere, energia nuklearraren aldekoek oraindik konpondu gabe duten arazoa da hondakinen “kudeaketa”, nahiz eta arazo horrek milaka eta milaka urteko zainketak eskatuko dituen. Tira, ez da gutxi, kontuan izanda orain arte ez dugula sekula hainbeste iraun duen giza erakunderik izan.
Egoera horren aurrean, hots, eguneko 24 orduetan, asteko zazpi egunetan eta urteko 52 asteetan hortxe dagoen eta gu ez ezik gure ondorengoak ere mendeetan kaltetuko dituen mehatxu horren aurrean, zentral nuklearren eraikuntza galarazteko prest dagoen oposizioa behar da, eta zentral horien beharra duen gaur egungo energia xahuketa auzitan jarriko duena, gainera. Gatazka honetan ezin dugu alde batera gelditu. Mehatxu horren sustatzaileen aurka neurririk ez hartzea ez da “erantzukizunaren etikaz” jardutea, den-denok nuklearrak eta energiaren gehiegizko kontsumoa nahitaez onartu behar ditugula uste dutenen ziurtasun totalitarioaren oinarrian dagoen autoritarismoaren aurrean men egitea baizik.
Günther Anders austriar filosofoak (1902-1992) ikara nuklearraren eraginpean bizi direnen egoerari buruz zuen ikuspegia aurkeztu zuen 1980ko hamarkadan. Haren iritziz, bortizkeria izugarri horren aurrean “indarkeriaren dialektika” erabili beharra dago, hots, gaur egungo indarkeriazko egoera orokorra gainditzen lagunduko duen indarkeria bat. Andersen ustez, indarkeria nuklearraren mehatxupean daudenak zentral nuklearren aldekoak mehatxatu behar dituzte eta, behar izanez gero, mehatxu horiek gauzatu ere bai. Anders ez zen indarkeriaren jarraitzaile sutsua, inondik ere: Heriotza Nuklearraren aurkako Mugimenduan ibilia zen Alemanian eta munduko beste herrialde batzuetan, eta AEBko armadak Vietnamen egindako hilketak ikertzeko eratutako Russell Epaimahaian parte hartu zuen. Bere bakezaletasuna izan zen, hain zuzen ere, mundu mailako mehatxu atomikoari erantzuteko indarkeria bidezkoa zela esatera bultzatu zuena.
Eraso nuklearraren alderdirik gaiztoena bere jokamolde maltzurra da, ziurrenik. Egunero-egunero mehatxatzen gaituztenak ez dira mundua mendean hartzeko planak dituzten jeinu zitalak, Hollywoodeko filmetan agertzen den bezala, beren lanbidea lan arrunt bat baino ez dela sinestarazten dien makineria burokratiko eta teknologikoko soldatapekoak baizik: ingeniariak, zientzialariak, politikariak… Horrela, azkenean inork ez du bere burua azken erantzuletzat jotzen, eta, berez, egon ere ez dago azken erantzulerik. Horrek ez du esan nahi mehatxua arinagoa denik, edo neurriak hartzeko arrazoiak desagertzen direnik. Zentral nuklearren aurkako oposizioaren zeregina desobedientziarako deia egitea eta kolaborazionismoari aurre egitea izango da, beste ezer baino lehen. Nolanahi ere, propaganda antinuklearra erabiltzea guztiz txalogarria izan arren, ez da aski, inondik ere. Gainera, estatuak askoz tresna indartsuagoak erabiltzen ditu, nahiz eta, gero, inongo estatuk ezingo duen bere zerbitzarien erabateko segurtasuna ziurtatu, makineria nuklearra abian jarri eta zaintzeko garaian.
Laburbilduz: indarkeria erabiltzea eta legeak urratzea bidezkoa ez ezik beharrezkoa da, energia atomikoa eta hari lotutako sekretuak legezkoak direnean. Indarkeria bidezkoa dela esatea ez da, noski, haren basakeria goratzea. Halere, horrexegatik, energia nuklearraren aurkako edozein erresistentzia ganorazkok ausartu egin beharko du energia horren aurkako ekintza bortitzak gertatzean estatuak eta haren sokakoek erabiliko duten biktimismo izugarriari jaramonik ez egiten eta konturatu beharko du gure planeta honetan dauden gauzarik bortitzenak zentral nuklearrak eta arma atomikoak direla, hain zuzen.
* “Resquicios” kritika sozialari buruzko aldizkariko koordinatzailea
oso interesgarria
ni 2008-02-17 19:49:47ba niri ez zait gustatu
zu 2008-02-17 19:50:52Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1