2007-03-25 -- 2081.zenb
Espainian, zortzi erreaktore nuklearrek ekoizten dute kontsumitzen dugun energiaren bostena. Instalazio horietan sortzen den energia lehiakorragoa da kostu aldetik, elektrizitatea sortzeko beste bitarteko batzuek ekoizten dutena baino. Gainera, segurua da hornidura bermatzeari dagokionez, eta garbia ere bai, ez duelako berotegi efektuko gasik sortzen. Elektrizitate nuklearraren ekoizpena etengabea da, eguneko 24 orduetan ekoizten baita urteko egun guztietan, zentral nuklearretan erabiltzen den erregaia (uranioa) politika egonkorrak dituzten herrialdeetatik ekartzen delako, ugaria delako izadian eta oso dibertsifikatua dagoelako.
Urtean edo urte eta erdian behin zentral nuklearrak gelditu egiten dira erabilitako erregaia erregai berriarekin ordezkatzeko, eta hiruzpalau aste irauten duen geldialdi horretan instalazioak eguneratu eta egin beharreko aldaketa edo hobekuntzak egiten dira, bide batez. Espainiako industria nuklearrak bere bitartekoak zaindu eta hobetu egiten ditu etengabe, eguneraketetan inbertsio handiak eginez. Guztira, urtean 150 milioi euro inguru gastatzen dugu halako inbertsioetan.
Energia nuklearra teknologia aldetik aurreratuen dagoen industria sektoreetako bat da, eta aeronautikaren parean dago. Lehenbiziko zentral nuklearrak 1960ko hamarkadan hasi ziren lanean eta, orduz geroztik, gure teknologiak aurrerakuntza etengabeak izan ditu sistemak hobetu, segurtasuna areagotu eta erreaktore berrien eraikuntza optimizatze aldera. Gaur egun egiten diren erreaktore berriak, Finlandiako bosgarren erreaktorea adibidez, erreaktore aurreratuak edo III eta III+ belaunaldiko erreaktoreak dira. Erreaktore horiek merkatuan daude dagoeneko, eta onura nabarmenak dituzte: hondakin gutxiago sortzen da, erregaia hobeto aprobetxatzeari esker, eta azkarrago eraikitzen dira, adibidez.
Teknologia nuklearraren garapena nazioartean gertatzen den prozesua da. IV. belaunaldiko erreaktore berriei buruzko ikerketak, adibidez, Espainiak EBko beste estatu batzuekin batera eratutako nazioarteko partzuergo baten bidez egiten ari dira. Bestalde, AEBetako EPRIrekin (Electric Power Research Institute / Elektrizitatea Ikertzeko Institutua) sinatutako hitzarmen bati esker, Espainiako industria nuklearra abangoardia teknologikoan dago.
Gaur egun, munduan 435 zentral nuklear daude jardunean eta beste 30 eraikitzen ari dira. Industria nuklearrak metatutako esperientziari eta lortutako garapen teknologikoari esker, gero eta zentral seguruagoak, fidagarriagoak eta merkeagoak diseinatzea eta eraikitzea dagoela esan dezakegu. Iruditzen zaigu zentral nuklearrek gasa, petrolioa, ikatza eta antzeko baliabide naturalak erabiltzen dituzten instalazioak ordezkatuz joan beharko luketela, pixkana-pixkana, datozen 15-20 urteetan zehar.
Era berean, gaur egun dauden zentralek luzera begira segurtasun berme zorrotzenak beteaz eta modu lehiakorrean jardun ahal izango dutela ziurtatu beharra daukagu. Baina horrekin batera, garapen teknologikoko programak lantzen jarraitu behar dugu, beharrezko hobekuntza guztiak erreaktore berrietan hasieratik bertatik sartzeko.
Espainian, zentral nuklearrek potentzia instalatuaren %9,37 dute bakarrik, baina elektrizitatearen %20 ekoizten dute, 2006ko azken datuen arabera. Energia elektrikoaren kontsumoa %2,5 handitzen ari da urtero. 1997az geroztik, kontsumo netoak %60ko gehikuntza metatua izan du. Kontsumoak izandako igoera kezkagarria ikusita, elektrizitate hornikuntza prezio lehiakorretan eta modu iraunkorrean ziurtatuko duten energia politikak landu behar dira. Elektrizitatea sortzeko bitarteko guztiak beharrezkoak dira gaur egun. Bakoitzak bere eginkizuna betetzen du. Hala, teknologia garatu ahala, energia berriztagarrien pisua handituz joango da eta energia fosilak ordezkatuko ditu, pixkana-pixkana. Gaur egun fisioko energia nuklearra erabiltzen dugu, baina fusioko erreaktoreak eraikitzeko aukera ere izan genezake aurrerago. Gizarteak elektrizitate eskari handia du bizi maila handi bati erantzuteko, eta gizarte modernoko aurrerapen guztiek elektrizitatearen beharra dute, gainera. Energia aurrezteko eta eraginkortasun handiagoa lortzeko neurriak hartu beharra dago, jakina, eta gizartea kontzientziatu egin behar dugu elektrizitatearen erabilera zentzuzkoa egiteko.
Energia aurrezteko politikak, eskura ditugun energia iturriak erabiltzea, ingurumena babestea eta gizartea erabilera zentzuzkoa egiteko kontzientziatzea: horratx gure herriko energia estrategiaren zutabe nagusiak izan beharko luketenak. Energia nuklearra erabiltzeak sistema elektrikoa egonkortzen duen oinarrizko elektrizitatea bermatzen du, eta epe luzera erabili ahal izatea ziurtatzen du, gainera. Industria nuklearra prest dago etorkizunari aurre egiteko eta Espainiak –Frantziak, Finlandiak, Ingalaterrak, AEBek eta gainerako herrialde garatuek bezalaxe– zentral nuklearrak epe luzean jardunean eduki eta energia nuklearraren ekoizpena handitu beharra dauka, oraingo nahiz geroko energia beharrei erantzun ahal izateko. Dena den, era honetako energien onarpen handiagoa egoteko, aurreiritzirik edo aldez aurretik finkatutako ideiarik gabe, energiaren inguruko eztabaida pluralak eta zentzuzkoak zabaldu behar dira iritzi publikoan. Informazio gehiago jasoz gero, nazioartean gero eta erakunde gehiagok energia iturri honen beharra azpimarratzen ari direnez gero, Gizarteak ikusiko du energia nuklearra funtsezkoa dela energia eskaintzen artean, elektrizitate eskari gero eta handiagoari modu iraunkor, seguru eta merkean eta ingurumena hondatu gabe erantzun ahal izateko.
* Espainiako Industria Nuklearraren Foroko presidentea
oso interesgarria
ni 2008-02-17 19:49:47ba niri ez zait gustatu
zu 2008-02-17 19:50:52Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1