2007-03-25 -- 2081.zenb
Suge askok pozoia du eta harrapakina hozkatzean pozoia sartzen diote. Sistema horrek animalien munduan bizirauteko aukera handiak ematen dizkio sugeari. Baina zer gertatzen da pozoirik ez duten sugeekin?
Virginiako Norfolk-en (AEB), Old Dominion unibertsitateko Deborah Hutchinson eta Alan Savitzky hepetologoek –suge ikerlariak– pozoirik gabeko suge batzuen portaera aztertu dute. Hain zuzen ere, Rhabdophis tigrinus Asiako sugearen ohiturak behatu dituzte eta batez ere horrek jaten duen apo pozoitsuarekiko erlazioa.
Aipatu sugeak apoa jatean honen toxinak baliatzen ditu harrapakariengandik defenditu ahal izateko.
Antza, sugeak apoa jatean honen toxinak lepoko guruinetan gordetzen ditu bere burua arriskuan ikusten duenean askatzeko.
Ornogabeetan sarritan gertatzen da espezie batek besteari toxinak lapurtzea. Hori egiten badakite intsektu eta bare mota askok, adibidez. Baina ornodunetan oso gutxitan atzeman da aipatu portaera duen animaliarik, eta are gutxiago suge mota honek eta apo pozoitsuak duten antzeko hartu-emanik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, Gabriel Inclanek, datu interesgarri ugari jakinarazi zituen duela egun batzuk Legebiltzarrean, larrialdi zerbitzuek eskaintzen duten arretaz. Oposizioko legebiltzarkide batek egindako galderari erantzuteko, itxaro-zerrendek azken bi urteotan izandako eboluzioaz mintzatu zen Inclan.
Osakidetzako ospitaleetako larrialdi zerbitzuek 928.312 kontsulta artatu zituzten iaz. Larrialdietatik pasatu ziren pertsona horietatik % 14k ospitalean ingresatuta bukatu zuten –128.716 pertsona–. Barakaldoko Gurutzeta ospitalea da larrialdietako eremuan pertsona gehien hartu zituen ospitale publikoa; ia 215.000 kontsulta izan zituzten han. Jarraian Donostia Ospitalea eta Basurtokoa daude, 145.000 eta 144.000 kontsultarekin, hurrenez hurren. Gasteizko Txagorritxu da hurrena, 105.000 larrialdi artatu baitzituzten bertan.
Egur-ikatzetarako eta su-egurretarako fagoa (Fagus sylvatica), artea (Quercus ilex) eta haritza (Quercus robur) onenak, baina harrapatzen zen edozein on. Borda, etxe-orde, eilor eta baserrien inguruko haritz motzak lau urtez behin eta urki (Betula sp.) eta lizar (Fraxinus excelsior) guardasolak biz behin, uda partean, lehorrenean, moztu eta ganaduaren eta abereen bazkatarako. Okertu eta lotu, haritz panpanoa zeharo karranpatuta jarri karabela edo fragataren gilaren aldeko zuokerretarako edo izurretarako oker egokiduna sortzeko. Urteak joan eta urteak etorri majina bat premia asetzeko beste majina bat zuhaitz mugarrotu edo lepatu da gure basoetan. Urteak joan eta urteak etorri behar horiek bukatu egin dira; bukatu edo behar horiek asetzeko beharrik egin beharrik gabe kanpotarra erosi eta kitto. Eta salerosketan ari denari beharrean ahaztu egiten zaio.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1